Bihar jokatuko du Redline Mekanika TAKEk igoera faseko azken partida

Ataria 2021eko maiatzaren 28a

Tolosako saskibaloi klubak federazioari eskatu zion azken jardunaldia astebetez atzeratzea, eta bi talderen artean oraindik jokatzeko zuten atzeratutako partida asteburu honetan jokatzea. Baina federaziotik ez dute eskaria bete, eta TAKEk bihar jokatuko du Leioaren aurka partida, 18:00etan, Usabalen.

Lau talde ari dira igoera fasea jokatzen, eta lehen biak igoko dira mailaz. TAKE eta Leioaz gain, Getxo eta Fundacion Bilbao Basket dira beste taldeak. Azken biak elkarren aurka jokatuko dute asteburu honetan. Atzeratutako partida, berriz, Leioa eta Bilbao Basketen artekoa, ekainaren 4an jokatuko da.

Sailkapena oso estua dago, eta, beraz, asteburu honetako azken jardunaldiaren ondoren ez da guztiz jakingo zein geratuko diren lehen bi postuetan. TAKEren kasuan, biharko partida irabazi arren, atzeratutako partidan gertatzen denari begira egon beharko du igoko den jakiteko. Sailkapena, gaur egun horrela dago: 1. Getxo, hiru partida irabazita eta bi galduta; 2. Fundacion Bilbao Basket, bi partida irabazita eta bi galduta; 3. Redline Mekanika TAKE, bi partida irabazita eta hiru galduta; 4. Leioa, bi partida irabazita eta bi galduta.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!