Tolosako gimnasten arrakasta Gipuzkoako Taldekako Txapelketan

Ataria 2021eko maiatzaren 28a

Pasa den asteburuan Tolosako gimnastek Uzturpe pilotalekuan antolatutako Gipuzkoako Txapelketan parte hartu zuten.

Larunbatean gorengo taldeen txanda izan zen. Tamalez, junior taldeak ezin izan zuen parte hartu. Lehen mailako neskek ariketa estreinatu eta urrezko domina leporatu zuten. Bi taldeak hurrengo egunetan Espainiako taldekako bigarren faserako sailkapenean parte hartuko dute. Gainera, ekainaren 30ean Valladoliden egingo den Espainiako kopako lehen fasean izango dira.

Igandean, urte eta erdiren ostean amateur taldeak tapizera itzuli ziren. Gogoz hartu zuten aukera eta guztiz aprobetxatu zuten. Senior A taldea, kadete B-X taldea eta Tolosako kadete A taldeak txapeldun izan ziren; eta jubenilak, kadete B-D eta Ordiziako kadete A taldeak txapeldunorde. Denek ekainaren 19 eta 20an Euskadiko Txapelketan izateko txartela lortu dute. Guztira urrezko lau talde eta zilarrezko hiru talde izan dituzte.

Klubak aipamen berezia egin nahi dio CMO Valves babesleari. "Gure gimnasten gimnasiaz gozatzeko aukera eman zuen MyRhythmic enpresarekin batera zuzeneko emisioa eskainiz. Baita Pulidos Leunlan, Mecanizados Garmendiola eta Garaje Tolosa-ri beste urte batez gure ongizatearen alde egiteagatik", zehaztu du Tolosa CF klubak.

Bestalde, Tolosako gimnastika erritmikoko klubak datorren ikasturterako izen-emateak zabalik ditu jada. Horretarako cgrtolosa@gmail.com idatzi daiteke informazio gehiago izateko.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!