Udal Foroan aurkeztu dituzte ikasturteko lanketaren emaitzak

Tolosaldeko Ataria 2021ko mai. 28a, 16:59

Tolosako ikastetxe ezberdinetako ikasleek, garapen iraunkorreko helburuak lantzeaz gain, hainbat proposamen egin dizkiete udal ordezkariei, Eskola Agenda 2030 programaren barruan.

Eskola Agenda 21 ekimena 2003. urtean jarri zen abian Tolosan, garapen jasangarriarekiko konpromisoak ikastetxeetara hurbiltzeko. "Aurtengo ikasturtea Eskola Agenda 2030 programarako trantsizio urtea izan da, ekimena egungo gizartera egokitzeko inflexio puntu bat", adierazi du Tolosako Udalak.

Tolosako Ingurumen Zentroak ikastetxeekin elkarlanean koordinatzen du egitasmoa, eta aurten Tolosako zortzi ikastetxek hartu dute parte; guztira, 4.700 ikasle inguruk. Ikasturtean zehar, jarduera desberdinak jorratu dituzte ikasleek Ikastetxe iraunkorra, herri iraunkorrean izenburua izan duen egitasmoan. "Herria hobetzeko aukerak eta bideak landu, kontsumo ohituren inguruan hausnartu eta ingurumenaren alorreko hainbat gai jorratu dituzte, besteak beste".

Ikasturtean landutakoa udalari aurkezteko, Eskola Agenda 2030 Udal Foroa egin berri dute: ikastetxe ezberdinetako ikasleen ordezkariak aurrez aurre bildu dira udal ordezkariekin, eta ikasturtean zehar gaiaren inguruan egindako lanketaren emaitzak aurkeztu dituzte. Lanketaren emaitzak aztertu ondoren, proposamenak egin dizkiete udalari, eta bertako ordezkariek, proposamenei erantzuteaz gain, Tolosa herri jasangarriagoa egiteko hainbat konpromiso hartu dituzte, hala nola, hondakinen inguruko lanketak egiten jarraitzea, herrian berdintasuna bultzatzeko bideak garatzen jarraitzea, lehen sektoreari ikusgarritasuna ematea edota kontsumo arduratsua sustatzea.

Tolosaldeko hainbat herrik ere parte hartu dute Eskola Agenda 2030 egitasmoan; Aduna, Alegia, Anoeta, Asteasu, Berastegi, Ibarra, Irura, Tolosa, Amasa-Villabona eta Zizurkilek. Eskualde mailan, Haur Hezkuntzatik Lanbide Heziketara, guztira, adin ezberdinetako 7.700 ikasle inguruk aztertu dute herria, ikuspuntu desberdinetatik.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!