Herritarrekin landuko dute Gobernantza, Partaidetza eta Gardentasun Ordenantza berria

Tolosaldeko Ataria 2021ko mai. 27a, 15:59

Orain arte egindakoa tolosarrekin partekatzeko, aurrez aurreko bi saio antolatu ditu udalak, ekainaren 7rako eta 14rako; ekarpenak online egiteko aukera ere izango da.

Tolosako Udalak urtea hastearekin batera ekin zion Gobernantza, Partaidetza eta Gardentasun ordenantza garatzeari. Herritarrak ahalduntzeko eta gobernantza eredu berrietan sakontzeko ekintza estrategikoa da”, adierazi du Joseba Ormazabal, Gobernantza eta Komunitatea saileko zinegotzi arduradunak.

Urtarriletik hona, prozesuaren diseinua egin eta araudiaren zirriborroa idatzi da, udal teknikari eta politikarien parte hartzearekin eta Emun enpresaren aholkularitza zerbitzuaren laguntzaz. Orain, ordea, landutako hori herritarrekin partekatu nahi du udalak. “Elkarlanean eta euren ekarpenak jasota garatuko dugu behin betiko dokumentua, ezinbestean, tolosarrek zeresana izan behar dutelako herritarren partaidetza arautuko duen ordenantzaren eratze prozesuan”.

2016an abiatu zuen udalak Tolosatzen prozesu parte-hartzailea, herrigintza tolosarrekin batera landu eta politika publikoa elkarlanean eta modu sistemikoan garatzeko helburuarekin. “Gizartea aldatuz doa eta udalak garai berrietako eskakizun eta ereduetara egokitu behar du, herritarren beharrei modu egokiagoan erantzuteko eta bien arteko zubiak sendotzeko, herritarrengandik gertuen dagoen administrazioa delako”.

Esperientzia ugari elkarbanatu dituztela, komunitatea balioan jarri dutela eta herri gisa dituzten erronka, behar eta aukerez hausnartu eta eztabaidatu dutela nabarmendu du Ormazabalek. Orain, jarraipena eman nahi diote bost urte hauetan egindako bideari. “Izandako irakaspenak balioan jarri, arautu eta errotu nahi ditugu, partaidetza eta elkarlana oinarri dituen kultura politikoa eta administrazioa sustatzeko eta hori bideratzeko tresnak eskainiz”.

Ondorioz, ordenantzaren zirriborroan landutakoari buruz hitz egin eta eztabaidatzeko, aurrez aurreko bi saio antolatu ditu udalak, ekainaren 7an eta 14ean. Biak ere, kultur etxeko lehen solairuko Gazte Topagunearen lokalean egingo dira, 18:00etatik 20:00etara. Era berean, tolosarren eskura jarri da ordenantzari buruzko informazio guztia, baita orain artean osatutako zirriborroa ere.

Bilerak egin ondoren ere, ekarpenak egiteko aukera izango dute herritarrek, ekainaren 27a baino lehen, gobernantza@tolosa.eus helbide elektronikora mezua bidaliz. Gero, jasotako ekarpenak aztertu eta baloratuko dituzte, eta oinarrizko dokumentuan txertatu, behin betiko arautegia idazteko. Horrela, udazkenerako Gobernantza eta Gardentasunaren Ordenantza berria prest izatea aurreikusten du udalak.

Hiru esparru, genero ikuspegiarekin
Aurkeztu duten zirriborroak, araututako hiru esparru edo atal nagusi izango ditu. Batetik, gardentasuna eta informazioaren kudeaketa. “Informazio publikoa eskuratzeko bideak arautu eta zehaztuko dira eta herritarrek bere eskubideak gauzatzeko duten gaitasuna aztertuko da. Interes orokorreko informazio egokiarekin herritarrok, komunitatean, modu aktiboagoan eta kontzienteagoan bizitzeko eta  parte hartzeko aukera izango dugu”, azaldu du Garikoitz Lekuona Gobernantza eta Komunitatea saileko teknikariak.

Bestetik, herritarren partaidetza prozesuak artikulatzeko bideak. “Garrantzitsua da herritar aktiboak izateko, informazioaz gain, parte hartzeko eskubidea egikaritzeko bideak arautzea. Parte hartzea bideratzeko udalak sortutako organoak eta espazioak, tolosarrek horretarako dituzten eskubideak, herritarren ekimen bidezko egitasmoak nahiz herri kontsultak gauzatzeko prozedurak, eta horiek bete beharreko baldintzak zehaztuko dira, besteak beste”, esan du Lekuonak.

Azkenik, komunitatearen eta gobernantzaren garapenerako kalitatezko partaidetza lortzeko, herritarren ahalduntzea, trebakuntza eta formazioa “ezinbestekoak” direla adierazi du Lekuonak. “Horretarako, egiturak sortu behar dira eta herriko elkarte sarea sustatu, horiei esker baita Tolosa herri aktiboa. Hortaz, eta herri ondarea diren heinean, horiek guztiak sostengatzeko baliabideak arautzea eta lankidetza publiko-soziala sustatzea beharrezkoa da, herri modura, bakoitza bere eremutik, baina elkarren arteko aliantzatik, etorkizuneko erronkei aurre egiteko. Badakigu ez dela beste proiektu batzuk bezain erakargarria, baina bai beharrezkoa”.

Halaber, prozesuaren diseinuan zehar, genero ikuspegiak “pisu handia” izan duela eta “arautegiaren lan ildo berritzaileenetako bat” dela aitortu du Agurtza Zubero udaleko berdintasun teknikariak. “Urte hasieran, Tolosako Mugimendu Feministako kideekin kontrastatu zen prozesua, eta ondoren, dokumentua berdintasun saileko teknikariekin elkarlanean landu da, estrategiak adostu eta puntu zehatzak lantzeko”.

Emakumeen eta gizonen arteko berdintasunaren ikuspegia prozesuan zehar txertatzeko bi bide erabili dituztela azaldu du Zuberok. “Batetik, berariazko trataera eman zaio emakumeen eta gizonen arteko berdintasun ikuspegiari prozesuaren fase bakoitzean; bestetik, proiektuaren diseinuan, dinamizazioan eta emaitzetan genero ikuspegia aplikatu da”.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!