Seigarren bukatu du liga Tolosa Eskubaloiak

Imanol Garcia Landa 2021ko mai. 27a, 14:55

Jon Iraola entrenatzaileak ez du jarraituko karguan datorren denboraldian: "Denboralditxo bat hartuko dut eskubaloitik kanpora, pilak kargatu eta berriro bueltatzerakoan ehuneko ehuna emateko".

Lehen Maila Nazionaleko Tolosa Eskubaloiak asteburuan jokatu zuen denboraldiko azken partida eta seigarren postuan amaitu du. Jon Iraola entrenatzaileak «balantze positiboa» egin du. Taldea hazi egin dela eta jokalari gazteek minutu asko izan dituztela jokatzeko nabarmendu du Iraolak. «Pixkana taldea gorantz joan da, eta horren erakusle da ligaren azken txanpa bikaina: azken 11 partidetan 22 puntuetatik 19 lortu ditugu».

Hogeigarren jardunaldian 13. postuan izan ziren, eta pixkana goraka joan dira. Asteburuan, azken partidan, galdu egin zuten, baina lau tantoko aldearekin irabazi izan balute laugarren posturaino iritsiko lirateke. «Pena horrekin gaude pixka bat», zehaztu du Iraolak, «baina uste dut 30 jardunaldiko liga batean azkenean bakoitzak bere lekua hartzen duela». Beste koska bat falta izan zaiela dio entrenatzaile tolosarrak goragoko postuen lehian egoteko, baina lortutako seigarren postua «duina» dela esan du. «Falta izan zaigu urte guztian konstante izatea, eta hori esperientziarekin eta lanarekin pilatzen da».

JON IRAOLAK EZ DU JARRAITUKO

Talde nagusiko entrenatzaile bezala bi urte egin ditu Iraolak eta datorren denboraldian ez du postuan jarraituko: «Urte asko daramatzat klubean eta uste dut arnasa pixka bat hartzeko momentua iritsi dela. Orain denboralditxo bat hartuko dut eskubaloitik kanpora, pilak kargatu eta berriro bueltatzerakoan ehuneko ehuna emateko».

Kluba lanean ari da entrenatzaile berriaren bila, baina oraindik ez da erabakirik hartu. «Ziur nago etorriko denak gauzak ondo egingo dituela eta taldea aurrera ateratzen lagunduko duela», esan du Iraolak. 20 urte baino gehiago daramatza Iraolak eskubaloiari lotuta, eta denbora bat pasa ondoren, berriro ere bueltatzeko asmoa du.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!