Asteartean irekiko da Eduardo Mokoroa Udal Musika Eskolan matrikulatzeko epea

Tolosaldeko Ataria 2021ko mai. 27a, 10:59

Gaur egungo ikasleek online egin behar dute matrikula, eta ikasle berriek, ekainaren 16tik aurrera eman ahalko dute izena.

Eduardo Mokoroa Udal Musika Eskolak ekainaren 1ean irekiko du 2021-2022 ikasturterako izen emate epea. Gaur egun musika eskolako ikasle direnek, online egin behar dute matrikula, ekainaren 15a baino lehen. Musika eskolan hasi nahi duten ikasle berriek, berriz, ekainaren 16tik 30era bitarte izango dute horretarako aukera, musika eskolan bertan egin beharko dute matrikula, eta zuzenean esleituko dira plazak, bete arte.

4 zikloetan banatzen da Eduardo Mokoroa Udal Musika Eskolako eskaintza, eta adin guztietako herritarrentzako dago aukera: 4 eta 6 urte bitarteko haurrei tailerren bidez irakasten diete musika, jolasen eta kantuen bidez, entzumena, ahotsa eta erritmoa lantzeko. 7 urteko ikasleak musika irakurtzen hasten dira, instrumentuak probatu eta ezagutzeaz gain. 8 eta 12 urte bitartekoak, berriz, instrumentu bat jotzen, musika hizkuntza ikasten eta taldeetan jotzen edo koruan abesten ikasten hasten dira. 12 eta 16 urte bitartekoekin, musika formakuntzako gai osagarriak lantzen dituzte. Azkenik, 16 urtetik gorako ikasleek, taldeko praktikarekin jarraitzeko aukera izaten dute (adin mugarik gabe), jakintza berdinak landuz, eta plazarik libre egonez gero, instrumentua ikasten jarraitu dezakete. Behin ziklo horiek eginda, ikasleren bat talentu bereziarekin sumatzen badute, ikasketa profesionalera bideratzen dituzte, horretarako ikasketa bereziak jasotzen dituztelarik.

Azken ikasturtea pandemia egoeran igaro dute musika eskolako ikasle eta irakasleek, neurri zorrotzak hartu dituztelarik. "Gela handiak ditugu, eta beraz, distantziak ondo mantendu ahal izan ditugu. Haizezko instrumentuak jotzen irakasten diren geletarako panelak erosi ditugu eta taldekako klaseetarako erdibitu egin ditugu. Ikasleak, beraz, uneoro babestuta egon dira". Aulavirtualmusica izeneko metodologia berria erabili dute, gainera, musika hizkuntzarako. "Interaktiboa eta erakargarria da haurrentzat, eta ordenagailuz nahiz tablet-a edo mugikorra erabiliz landu daiteke etxean.

Musika eskolan izena eman nahi duten familia ugariko edo guraso bakarreko familietako kideek, hobariak izango dituzte matrikulan. Musika eskolako eskaintzari buruzko informazio gehiago nahi duenak edo matrikularekin lotutako tramiteren bat egin behar duenak, musika eskolara jo behar du: astelehenetik ostiralera, 10:00etatik 13:30tara, eta astelehen eta astearte arratsaldeetan, 17:30tik 19:00etara. Bertaratu ezin dutenek, 943 651 593 edo 943 654 466 (luzapena 570-571) telefonora deitu edo musika@tolosa.eus helbidera mezu bat bidali dezakete.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!