Etxebizitzetan energia berriztagarriak ezartzeko 'online' tailerra, bihar

Tolosaldeko Ataria 2021ko mai. 26a, 17:00

18:00etan hasita, energia berriztagarriak etxebizitzetan ezarri ahal izateko beharrezkoak diren irizpideak eta ezagutzak modu argi eta ulergarri batean eskaintzea izango du helburu.

Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumen eta Obra Hidraulikoetako Departamentuak, Tolosako Udalarekin elkarlanean eta Energia Argitu programaren baitan, etxebizitzetan energia berriztagarriak ezartzeko aukeren inguruan informatzeko Energia berriztagarriak zure etxean… posible da! izeneko online tailerra antolatu du, bihar, 18:00etan hasita.

Herritarrek energia berriztagarriak ezarri ahal izateko beharrezkoak diren irizpideak eta ezagupenak modu argi eta ulergarri batean eskaintzea izango da tailerraren helburua. "Energia berriztagarrien ezarpenak araudiari lotutako aldaketak jasan berri ditu eta aldaketa horiek teknologia hauen ezarpena erraztu dute, baita banakako etxebizitzetan zein etxebizitza-blokeetan", adierazi du udalak.

Izaera praktikoa izango duen saioa izango dela aurreratu dute. "Energia berriztagarrien instalazioak aurrera eramateko baldintzak zeintzuk diren argituko du gaian espezializatutako aditu batek, eta aldi berean, gure lurraldean martxan dauden instalazioen benetako kasu praktikoen bidez, instalazio horietan sortutako energia nola erabili daitekeen azalduko du. Batez ere, autokontsumorako plaka fotovoltaikoei buruzko saioa izango da".

Tailerrean sortzen diren galdera edo zalantzak txat bidez luzatu ahal izango dira eta, ahal den neurrian, saioan bertan erantzungo dira. Denborarik emango ez balu, mezu elektroniko bidez erantzungo zaizkie galderak parte-hartzaileei.

Arestian aipatu bezala, Energia Argitu programaren baitan kokatzen den ekimena da, eta Gipuzkoako sektore ezberdinei (etxebizitzak, merkataritza, enpresa txikiak, etab.) energiaren kontsumoaren murrizketa lortzeko, eraginkortasuna handitzeko eta energia berriztagarriak bultzatzeko tresnak eskura jartzea da helburua. Horretarako, Ingurumen eta Obra Hidraulikoetako Foru Departamentuak baliabide-multzo bat jartzen du lurraldeko eragile ezberdinen eskura, hala nola, prestakuntza-saioak, online tutorialak, energia aurrezteko eta eraginkortasunez erabiltzeko gidak edota Energia Argitu programaren webgunea. 2021 urteko udaberrian zehar beste hiru tailer eskaini dira online, eta ekainaren 9an egingo da seihileko honetako azken tailerra: Ibilgailu elektrikoak eta mugikortasun jasangarrirako aukerak.

Tailer honetan parte hartu nahi duten herritarrek, aurretik eman behar dute izena, ezinbestekoa baita aldez aurretik saiorako sarbidea ematea. Izena emateko, argitu@gipuzkoa.eus helbidera idatzi edo 943 112 948 edo 605 757 687 telefonoetara deitu behar da. Internetera sarrera izatearekin nahikoa da eta ez da programarik deskargatu behar saioa jarraitzeko. Saioa gazteleraz izango da eta www.argitu.eus webgunean topatu daiteke haren inguruko informazio osagarria.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!