Tolosa saritu dute jasangarritasunaren aldeko lanarengatik

Ataria 2021eko maiatzaren 27a

Alkateen Klima eta Energia Ituna nazioarteko ekimena da eta mundu osoko hainbat herrik hartzen dute parte, tartean Tolosak. Eusko Jaurlaritzak udalerriek tokiko eremutik energia eta klima trantsizioari heltzeko egindako lana aitortzeko ekitaldi bat egin du eta bertan egon da Olatz Peon Ormazabal alkatea.

Eusko Jaurlaritzak, Euskadiko udalerriek tokiko eremutik energia eta klima trantsizioari heltzeko egindako lana aitortzeko antolatutako ekitaldian parte hartu du Tolosako alkateak. Tolosa Alkateen klima eta Energia Itunaren parte da, hau da tokiko klima-ekintzaren aldeko herri eta hirien munduko mugimendurik handienean dago. Horrela bat egiten du 2050erako klima aldaketaren inpaktuetara moldatzeko gaitasuna handitzeko eta herritarrek energia seguru, jasangarri eta eskuragarria izateko duten ahalmena indartzeko helburu eta konpromisoekin.

Alkateen Klima eta Energia Ituna (Covenant of Mayors for Climate and Energy) nazioarteko ekimen bat da, eta mundu osoko herriak eta hiriak modu zabalean lotzen ditu klimaren eta energiaren tokiko ekintzaren inguruan. Ekimen horretan 61 herrialdetako 10.000 tokiko eta eskualdeko gobernu baino gehiago biltzen dira, eta, beren borondatez, klimaren eta energiaren nazioarteko helburuak ezartzeko konpromisoa hartzen dute. 2009az geroztik Energiaren Euskal Erakundea eta, 2019az geroztik, Ihobe, Ingurumen Jarduketarako Sozietate Publikoa, dira Euskadiko Alkateen Itunaren erakunde koordinatzaileak, euskal udalerriei tokiko esparruan klima eta energia trantsizioa lortzea ahalbidetuko duten tresnak eta ekimenak ezartzen laguntzeko helburuarekin.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!