Eguzki  panelak  ari dira jartzen Tolosako Ferialekuan

Tolosaldeko Ataria 2021ko mai. 27a, 07:59

Bertan sortzen den energiarekin 500 metrora dauden udal eraikinetako gastua orekatu ahal izango dute.

Tolosako Udala eguzki plakak jartzen ari da Ferialekuan, «energia berriztagarrien eta trantsizio energetikoaren aldeko apustua berretsiz». Bi astez ariko dira lan horretan. 

Ferialekuan jarriko duten instalazio fotovoltaikoa taldeko autokontsumokoa izango dela esan du udalak, eta beraz, sare baten bitartez hurbileko instalazioekin lotuta egongo dela. Ondorioz, Ferialekuan sortzen den energia sare elektrikora bideratuko dute, eta 500 metroko erradioan udalak dituen kontsumo puntuen energia gastua orekatzeko baliatuko da. 500 metroko inguru horretan dago, esate baterako, kultur etxea, eta ondorioz, bertan kontsumitzen den energiaren zati bat Ferialekuan sortzen den energiarekin orekatuko dute. Panelak Elecnor S.A. enpresak jarri ditu, eta instalazioaren kostua 85.755 eurokoa izango da.

Aldaketa klimatikoa

Udalak iaz jarri zuen martxan aldaketa klimatikoari aurre egiteko tokiko planaren garapena eta hor kokatu dute eguzki plaken instalazioa. "Jasangarritasuna eta trantsizio energetikoa Legealdi Planean jasotako lan lerro estrategikoa da eta zentzu horretan hainbat ekintza jarriko dira martxan aurten, hala nola, hiribus elektrikoa, eguzki plaken instalazioa udal eraikinetan eta mugikortasun plan berrian jasotako ekimenak". Bestalde, udalak aipatu du, eguzki energiaren aprobetxamendua bultzatzeko, indarrean dauden ordenantza fiskalen %95eko hobaria jasoko dutela herritarrek eraikuntza, instalazio eta obren gaineko zergan, autokontsumorako energia berriztagarriak instalatuz gero.

Herritarrek izan ditzaketen zalantzak argitzeko hitzaldi bat antolatu du udalak. Energia berriztagarriak, plaka fotovoltaikoak etxe komunitateetan hitzaldia ekainaren 8an izango da, udaletxeko osoko bilkuren aretoan, 18:30etik aurrera. Bertaratzeko aurrez eman behar da izena tolosakoingurumenzentroa@gmail.com helbidera idatzita edo 688 727 983 telefono zenbakira deituta. Pello Insaustik eskainiko du.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!