Amarozko urmaela eta basoa ezagutzeko aukera

Tolosaldeko Ataria 2021ko mai. 27a, 07:57
LH6ko ikasleek egokitu zuten urmaela, Biodibertsitatearen Egunean.

Aranzadi Zientzia Elkarteak bisita gidatua eskainiko du ekainaren 2an. Iaz eman zituzten urmaela sortzeko lehen pausoak eta ordutik herriko ikastetxeek  baso eskola proiektua garatzen dute bertan.

Amarozko basoa eta urmaela balioan jartzeko ekintzak egiten ari da Tolosako Udala. Iaz hasi ziren Amarozko basoaren berreskuratze lanak, eta herriko gazte talde batekin elkarlanean, udalak antolatutako auzolandegietan, urmael bat sortzeko lehen pausuak eman zituzten. Ordutik, herriko ikastetxeek eremua erabiltzen dute bertan baso eskola proiektua garatzeko eta ingurumenarekin lotutako ekintza didaktikoetarako, eta etorkizun hurbilean, udalak urmaela egokitzen jarraituko duela esan du.

Era berean, eremua Eskolarteko Urmaelen Sareko partaide izateko beharrezko laguntza emango duela esan du udalak. Izan ere, eremua erabiltzen duten ikastetxeek Aranzadi Zientzia Elkarteak gidatzen duen Eskoletako Urmaelen Sareko partaide izateko interesa agertu dute. Ekimena haur hezkuntzatik hasita, irakasleetaraino zabaltzen da eta helburu nagusiak dira ingurumenarekiko kontzientziazioa, planetarekiko errespetua eta espezieen kontserbazioa sustatzea eta bioaniztasuna hobetzea. Amarozko urmaelean, Aranzadiko adituen gidaritzapean, ikasleek egingo dituzte urmaela egokitzeko lanak, eta, lanak amaitu ondoren, ikastetxeek zainduko dute urmaela. Putzura gerturatzen diren animalia espezieak identifikatzeko eta sortuko den bioaniztasuna eta ingurumen aberastasuna aztertzeko aukera izango dute. 

Horiek horrela, Amarozko basoa eta urmaela tolosar guztien eskura egongo denez, Aranzadiko adituek egingo duten bisita gidatuan parte hartzera deitu dituzte herritarrak. Bisita ekainaren 2an izango da, 18:00etan, eta frontoiaren ondoan dagoen iturrian elkartuko dira. Parte hartzeko aurrez izena eman behar da tolosakoingurumenzentroa@gmail.com helbidera idatziz edo 688 727 983 telefono zenbakira deituz.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!