Egoera eta ohitura berrietara azkar batean ohitzen ikasiak gaude aspaldi honetan eta izanak izena duenez, oraingo garaiotan, «neke pandemikoa» zabaldua dagoen sentimendua omen da gurean; halakoxe izena jarri diote. Denek ez dute sentimendu bera izango baina maiz ikusten-sentitzen ei den zerbait da.
Kontzeptu hau, nik estreinakoz, gazteleraz irakurri nuen eta «fatiga» ageri zen. Horregatik, irribarrea sortu zidan euskaraz «neke» hitza ikusi nuenean. Izan ere, nire sentsazio eta bizipenen arabera, «itolarri» zen itzulpenari zegokion adiera. Beste azpijoko ederra egin zidan umore beltzak. Izan ere, nire iruditegia ere martxan jarri zen eta izerdi patsetan noraezean korrika ikusten nuen jendea.
Inguruan ere ironia handia sumatu izan dut eta horrek umoreari buruzko gogoeta egitera eraman nau. Edozein motatako umorea al da estrategia on bat egoera zailetan aurrera egiteko? Esaterako, badaude telebista programak non jendearen ongizatea benetan arriskuan jartzen duten ezinezko frogak bete behar dituztelako. Hor doaz, kasko, soka eta guztiekin eta hala ere sekulakoak gertatzen zaizkie. Umore horia omen da. Niri grazia baino gehiago, atzeraka egiten didate honelakoek. Esajeratua naizela pentsatuko du baten batek baina ia-ia erromatar zirkuko ikuskizun haien pareko egiten ditut. Hurkoaren sufrikarioaren bizkar barre egiteko prest jende pila bat.
Beste azpijoko ederra egin zidan umore beltzak. Izan ere, nire iruditegia ere martxan jarri zen eta izerdi patsetan noraezean korrika ikusten nuen jendea.
Kolore zuriko umorea ere badago. Xaloa, naif deritzona. Inozente xamarra agian baina bere balioa izan ere baduena batez ere onberatasunetik egina eta jasoa dagoenean.
Eremu kromatiko ezberdinak erabiltzen ditu umoreak eta maiz umore beltzarekin identifikatzen naizela konturatu naiz. Egunero jasotzen ditugun informazio larriei aurre egiteko nire modua da.
Umorearen erabilerak ez du zertan axolagabekeriarekin identifikatu behar; alderantziz. Edozein kolorekoa delarik ere bizi dugun garai honi aurre egiteko umorerik ez dadila falta. Ez da arinkerian erortzea, bizi estrategia da.