Maitemindutak

Antton Telleria 'Nekatutak' ikuskizuneko promozio argazkian. ATARIA

Sekulako askatasuna irabazten du pertsonak, etxeko giltzak lepotik zintzilik jartzen dizkioten lehendabiziko aldian. Halaxe sentitu nuen nik behintzat umetan, mundua nire oinetara neukala; eta, gainera, nahi nuenean buelta nintekeela etxera afaltzera. Askatasun hark, ordea, giltzak lotzen zituen lokarria baino soka motzagoa zeukan; atea ireki ahal izateko ardurarekin batera, anaia txikia ere zintzilik eraman behar izaten nuen eta, ia leku denetara. Ikastolara bidean, ogia erostera joaterakoan edota lagunekin metxero bat hartu eta seguruenik erreko ez genituen zigarro punta batzuen bila abiatzean, atzetik beti nuen jarraika bigarren itzal bat. Nire ekintzen egiaztatzailea zen, egin nitzakeen balizko krimen txiki guztien lekuko.

Dena esaten hasita, kulpa ez zen anaiarena, hark ere, nik bezala, amak agindutakoari egiten baitzion men. Amari ere ez diot errurik egozten, zilegi iruditzen baitzait etxeko txikia bere galtzapetik askatzeko, autonomia irabazi berria duen premuaren arrastoari jarraika jartzea. Egiazki, inork ez zeukan kulparik, baina ni amorrarazi egiten ninduen anaia txikiaren karga handi hark. Baloiari ere hobeto ematen zion ostikoz nik baino, pentsa nire arranguraren zenbaterainokoa.

Zeinen zaila, adin horretan, anai-arreben arteko maitasuna. Inori ez niokeen ukatuko, galdetuz gero, bestea maite nuenik, baina, prezio berean, nahiago galdetuko ez bazidaten. Ondo gogoan dut, behin, lagunarte zabalean lapur-harrapaketan ari ginela, ni lapur paperean azti, anaia poliziarekin aurrez aurre nola egin genuen topo kale bazterrean. Handiagoa, azkarragoa eta bizkorragoa nintzen, eta izkin erraz egingo niola jakinda, harrokeria puntu batez begiarekin keinu egin nion, zereginik ez zeukala garbi izan zezan. Berak, polizia paperean azti eta bitan pentsatu gabe, besoa eskuin hegalera zabaldu eta arpegia ozen kolpatuko zidan zaplaztekoa eman zidan. Berriz diot, bai, maiteko nuen, baina, tarteka, ahaztu ere egiten zitzaidan.

Eta neure buruari esaten diot neronek ere meritu apur bat izango dudala bere lorpenetan, txikitan, etengabe segika izanda, akaso nigandik ere zerbait ikasiko zuelako

Gerora, mutiko serio, mehe eta musugorri hura hazi egin zen; nola hazi ere, pasa ninduen altueran, arduran eta baloia ez ezik, danborra astintzeko abilezian ere. Duela gutxi, agertoki baten gainean ikusi dut, bakarrik, ordu eta erdiz isildu gabe, lepo betetako antzokian. Barre egiten zion, lehendabizi, bere buruari, eta espero nuen bezala, txisteak egin zituen irakasleei, ETAri edota Ertzaintzari buruz. Umetan, bere zaintzak ipurterretu egiten ninduen, nion estimua lausotuz. Orain, sentitzen dudan harrotasuna inbidia puntu batek besterik ez dit lausotzen. Eta neure buruari esaten diot, neronek ere meritu apur bat izango dudala bere lorpenetan, txikitan, etengabe segika izanda, akaso nigandik ere zerbait ikasiko zuelako. Anaia txiki onenaren dominarik ez daukat, baina hartu lepotik zintzilik nire etxeko giltzak.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!