Eukene Larrartek urrezko bi domina lortu ditu Espainiako Txapelketan

Imanol Garcia Landa 2021eko maiatzaren 26a

Eukene Larrarte txirrindulari tolosarrak urrezko bi domina lortu zituen asteburuan jokatutako pistako Espainiako Txapelketan. Horietako bat omnium proban lortu zuen, eta bestea madisonean, Tania Calvorekin batera.

«Oso pozik nago emaitzekin eta baita emandako mailarekin ere», esan du Larrartek. «Fisikoki eta mentalki nahiko ondo sentitu naiz, eta horregatik pozik nago». Orain bi urte irabazi zuen absolutu mailan ere omnium proba eta aurtengoan ere helburu horrekin joan zen txapelketara. Madisonean hirugarren urtez lortu du Calvorekin urrea Larrartek, eta, noski, aurtengoan ere faborito ziren horretarako. «Madisonean ez da proba bat bestearen berdina izaten, eta hau izan da biok egoera berean egin duguna lehenengoa», esan du Larrartek. «Orain arte Tania esprinterra zen eta horregatik madison nahiko bereziak egiten genituen, baina orain ehuneko ehunean erresistentziazko probetan ari denez, ohiko madison proba bat egitea lortu dugu».

Aurrera begira, ekainaren amaieran, Europako Txapelketak izango dituzte pistako txirrindularitzan. «Oraindik ez da ziurra hautatua izango naizela, baina espero dut parte hartzea, eta helburu nagusi bat izan daiteke txapelketa hori», esan du Larrartek. Parte hartzeko aukera asko dituzte Larrartek eta Calvok madisonean, eta, bestalde, Larrartek omniumean eta kanporaketa probetan parte hartu nahiko luke.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!