Dantzarako erritmoak oinarri, eskuzabaltasuna bidelagun

Ataria 2021ko mai. 26a, 07:59

Tolosako Udal Musika Bandak kontzertu berezia eskainiko du larunbat honetan, hilak 29, Plaza Zaharrean; kolaboratzaile ugari izango dira, 19:00etan hasiko den emanaldian: Tolosako Udal Txistulari Banda, Udaberri Dantza Taldea, Maixa Lizarribar eta Mariaje Rekondo

Urteak dira, Tolosan, maiatza aldera, Eduardo Mocoroa Musika Eskolak eta Tolosako Udalak, eragile ezberdinekin elkarlanean, Aste Musikaria izeneko ekimena martxan jarri zutela. Hasierako urteetan, maiatzeko aste bat hartu eta musika doinuez betetzen zen herria: kontzertuak, hitzaldiak edota bestelako saioak izaten ziren. Gerora, Musikherria eguna gehitu zen egitaraura, asteari amaiera emateko festa egun handia izaten zelarik.

Aste horren barruan, Tolosako Udal Musika Bandak ere izaten zuen bere lekua, eta kontzertu bat eskaintzen zuen. Iaz, ordea, ezinezkoa izan zen halakorik antolatzea, eta bertan behera geratu ziren ekimen guztiak. “Aurten, ez da Aste Musikariarik ospatuko, ezta Musikherriarik ere, baina Tolosako Udal Musika Bandako kideok, ekimen polit honek zuen filosofia berrartu eta kontzertu berezi bat eskaintzeko erronka jarri diogu gure buruari”, azaldu du Josu Artutxa bandako kideak. Larunbat honetan, hilak 29, izango da emanaldia, Plaza Zaharrean (euria eginez gero, Zerkausian). 

Orain artean, eta pandemiak ezarritako neurriak errespetatuz, kontzertuak eskaintzen eta grabaketak egiten aritu dira, hala nola, gabonetan, inauterietan edota Aste Santuan. “Hala ere, oraingoa ez da nolanahiko erronka izango, eta gogotsu gaude”, adierazi du Artutxak. Edukiera mugatua izango denez, aurrez lortu beharko dira kontzerturako gonbidapenak, kultur etxean (10:00-13:00 edota 16:00-19:00). “Kontzertuaren egunean, lekurik geratuz gero, ez da arazorik izango bertara joan eta esertzeko”.

Tolosako Udal Musika Bandak betidanik izan du herriko musika talde eta sortzaile ezberdinekin elkarlanean aritzeko helburua. “Gure urteko programazioa nahiko itxia izan ohi da, eta ez dugu horrelakorik gauzatzeko aukera handirik izaten. Zentzu horretan, beraz, gainerako kontzertuetatik bereizten den emanaldia izango da”. Hori dela eta, ez dira bakarrik ariko, eta eurekin batera joko dute Tolosako Udal Txistulari Bandak, Mariaje Rekondo piano jotzaileak, Maixa Lizarribar trikitilariak eta Udaberri Dantza Taldeko Eneko Hartsuaga eta Iker Dorronsoro dultzaineroek. Horiez gain, talde bereko Miren Nazabal eta Julen Uranga dantzariek ere hartuko dute parte.

Lagun eskuzabalak

Idoia Balza bandako zuzendari ordeak azaldu duenez, larunbateko kontzertuak, dantzarekin zerikusia duen musika izango du abiapuntu. “Euskal dantzen doinuez gain, beste lurralde eta kulturetako musika entzun eta ezagutzeko aukera izango dute herritarrek, besteak beste, ijito komunitatearen ingurukoak, kubatarrak eta inauterietakoak”, nabarmendu du Balzak.

Obra ezberdin asko entzungo dira, baina bereziki honako hauek dira aipagarrienak, hainbat eragile nahiz pertsonekin duen elkarlanarengatik, eta emanaldiari ematen dien koloreagatik:

  • Batetik, Eduardo Moreno Guardiako Musika Bandako zuzendariak egindako Una tarde en Laguardia obra. Dultzaina, txistua eta trikitixa uztartzen ditu bandarekin batera. Oso lan berezia eta freskoa da. Balzak, gainera, egilearen eskuzabaltasuna nabarmendu nahi izan du, “berarekin harremanetan jarri ginenean, ezeren truke bidali baitzigun bere lan osoa”.
  • Bestetik, aurtengo inauterietako sorpresa. Juanma Saez Etxabe musikari eta konposatzaile elgoibartarrak, Iñauteriko iruzurra obra konposatu du aurten, Tolosako Udal Musika Bandari eskainitakoa, 2021eko inauteriak ospatzerik izan ez dugulako. Saezek Kabila txarangarekin jo ohi du data seinalatu horietan, eta beraz, lotura handia du Tolosarekin eta inauteriekin.
  • Ramontxo eta Amatxi. Xanti Nazabal eta Jon Esnaola musikari eta konposatzaileek egindako fandangoa eta arin-arina txistulari banda eta musika bandarekin jo ahal izateko. "Fandango eta arin-arin berriak behar genituen bandan eta Xantik eta Jonek bi abesti hauen moldaketak bidali zizkiguten".
  • Kubatar dantzak. Pianoaren tinbrea sumatuko da erritmo handiko obran zehar.

Tolosako Udal Musika Bandak, eskerrak eman nahi dizkie azken asteetako entseguetan eta kontzertuan bertan bidelagun izan dituzten eta izango dituzten kolaboratzaileei, zuzenean edo zeharka emanaldi berezia posible egin dutenei, alegia. “Lagun eskuzabalekin prestatutako emanaldia izan da. Plazer bat da horrelako multzo bat horren gertu izatea. Honi esker, konturatu gara inguruan altxor preziatu bat dugula, eta gehiagotan plazaratzen saiatu behar garela”, aitortu du Balzak.

Zaletasuna transmititzearen ordaina

Xanti Nazabal dantzari eta musikagile tolosarrak eskerrak eman dizkio bandari, berak sortutako Ramontxo eta Amatxi fandangoa eta arin-arina estreinatzeko aukera emateagatik. “Ohore handia da niretzat”, aitortu du. Nazabalen arbasoetan dute jatorria bi obrek. “Nire aitona Ramontxo txistularia da, eta bai amatxi (amona), baita aitona bera ere, oso musikazaleak dira. Txikitatik transmititu didaten zerbait da, eta neurri handi batean, beraiei zor diet musikarako dudan zaletasuna”, azaldu du.

2019. urtearen amaieran idatzi zituen Nazabalek bi pieza horiek. “Hasiera batean, txistulari bandarentzat prestatu nituen, eta aurrerago, Jon Esnaola musikagile tolosarrak moldatu zuen bandarentzat. Beraz, Jonen lana ere ezin nezake eskertu gabe utzi, plazer handia izan baita bera bezalako artista batekin lan egin ahal izatea”.

Amaitzeko, musika bandako kideek mezu bat utzi nahi izan dute herritarrentzat: “Kontuan izan kulturak jipoi galanta jaso duela, eta pixkanaka bada ere, musika taldeak lehen genuen erritmoa berreskuratzen ari garela. Gure kasuan, ezinezkoa da kalejirak egitea, eta badakigu Tolosar askok nahiko luketela herriko banda kaleetan barrena entzutea, baina oraingoz, kontzertuekin konformatu behar dugu. Beraz, babestu dezagun kultura, babestu ditzagun sortzaileak, eta batez ere, babestu dezagun herriko musika banda”.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!