Azken partida noiz jokatuko duten zain daude

Tolosaldeko Ataria 2021ko mai. 25a, 18:55

Redline Mekanika TAKE saskibaloi taldea igoera fasea jokatzen ari da eta azken jardunaldia falta zaio jokatzeko.

Lau talde ari dira lehia horretan eta TAKEk eta Getxok bost partida jokatu dituzte dagoeneko. Beste bi lehiakideek, Leioak eta Bilbao Basketek, berriz, launa partida jokatu dituzte. Egutegiaren arabera azken jardunaldia asteburu honetan jokatzekoa da, baina Goar Artetxe TAKEko entrenatzaileak azaldu duenez, astebete atzeratzea eskatu dute: «Kontuan izan behar da Leioa eta Bilbao Basketen arteko atzeratutako partida falta dela jokatzeko, eta hemendik hamar egunetara dago jarrita, azken jardunaldia eta gero. Guri ez zaigu bidezkoa iruditzen azken jardunaldia eta gero jokatzea horrelako partida bat, taldeetako batek agian ez duelako ezer jokoan eta horrek eragina izan dezake emaitzan».

TAKEren proposamena da asteburu honetan atzeratutako partida jokatzea eta hurrengo asteburuan azken jardunaldia. Federazioak gaur edo bihar goizean jakinaraziko du erabakia. Sailkapenari begiratuta, lau taldeek dute igotzeko aukera.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!