2022ko Tolosako egutegia osatzeko Tolosanklisk argazki lehiaketa bueltan da. Aurtengorako aukeratu duten gaia bizitza da, beraz, horri lotutako argazkiak aurkeztu beharko dira. Ekainaren 1etik irailaren 26ra bitarte izango da horretarako aukera, Tolosako Udalaren web orriko Tolosanklisk atalaren bitartez.
Egungo egoeraren ondorioz aukeratu dute bizitza gai bezala: "2022ko egutegian hilabeteroko orrialdea bizitzaren bulkada izatea nahi delako, bolada goibelaren beste aldea. Norberak asmatuko du nola eragin bizitzaren interruptoreari".
Lehiaketa proposamenak aurkeztu nahi dituzten tolosar guztiei irekita dago, eta aurten epaimahai talde batek aukeratuko ditu egutegia osatuko duten argazki guztiak. Ohi bezala, hainbat sari irabazteko aukera izango dute parte hartzaileek; irabazlearen kasuan, argazkia egutegiaren azalean agertuko da, eta 600 euro eskuratuko ditu. 12 finalisten argazkiak egutegiaren hilabeteetako batean agertuko dira, eta 200 euro eskuratuko du bakoitzak.
Argazki irabazleak urriaren 5ean jakinaraziko dituzte. Lehiaketari buruzko xehetasunak www.tolosa.eus-eko Tolosanklisk atalean ikusi daitezke, eta edozein zalantza argitzeko kultura@tolosa.eus helbidera idatzi, 943 67 03 83 zenbakira deitu edo kultur etxera joan daiteke.