Mendekotasun eta desgaitasun egoeran dauden pertsonentzat aldi baterako egonaldiak

Ataria 2021eko maiatzaren 25a

Ekainaren bigarren hamabostalditik irailera egin ahalko dira, erabiltzaile bakoitzak egonaldi bakarra egin ahal izango du, eta 15 egunekoa izan beharko da.

Mendekotasuna edo desgaitasuna duten pertsonek egoitzetan egonaldiak egin ahal izateko eskariak egiteko epea irekita dago. Gipuzkoako Foru Aldundiak eskaintzen duen zerbitzua da, eta mendekotasuna duten pertsonez arduratzen direnek atseden hartu ahal izatea da zerbitzuaren helburua. 

Egungo egoera kontuan hartuta, hainbat aldaketarekin eskainiko du aurten zerbitzua, erabiltzaileen, familien eta egoitzetako gainerako erabiltzaileen zein langileen segurtasuna bermatzeko. Hala, ekainaren bigarren hamabostalditik irailera egin ahalko dira egonaldiak egoitzetan, erabiltzaile bakoitzak egonaldi bakarra egin ahal izango du, eta egonaldi hori 15 egunekoa izan beharko da. Aurten ez da bost eguneko egonaldi laburrik egiteko aukerarik egongo. Plaza kopurua ere ohikoa baino mugatuagoa izango da aurten. 

Ekainaren 4a baino lehen egin beharko da eskaria ekaineko edo uztaileko egonaldietarako, ekainaren 25erako abuztuko egonaldirako eta uztailaren 9rako iraileko egonaldirako.

COVID-19a dela-eta, zerbitzuaren barruan eskainiko den plaza kopurua mugatuagoa izango da aurten, eta guztira 40 plaza egongo dira lurralde osoko erabiltzaileentzat. Egonaldiak, oro har, Ordiziako San Jose egoitzan egingo dira, eta egoeraren arabera Donostiako Txara 2 egoitzan. Eskariak Tolosako Udaleko Gizarte Zerbitzuen sailean egin beharko dira, eta beharrezkoa izango da aurretiazko zita hartzea UDATEra deituta, 943 65 44 66 edo 010 zenbakira. Lehenbizi onarpen eskaera egin beharko da, eta pertsona zerbitzuan onartua izan ondoren egin beharko da egonaldi eskaera.  

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!