Haurtzaroko sexu-abusuei buruzko ikuspegiak landuko dituzte

Ataria 2021eko maiatzaren 24a

Berdintasun Sailak antolatuta, Susanna Minguellek 'Palabras Dislocadas: perspectivas sobre los abusos sexuales en la infancia' tailerra eskainiko du datozen asteetan Tolosan.

Maiatzaren 28 eta 29an, eta ekainaren 4an, 5ean, 11n eta 12an, haurtzaroko sexu-abusuei buruzko sei saioko ikastaroa dinamizatuko du Susanna Minguell filosofian lizentziatuak, Tolosako kultur etxean. 'Palabras Dislocadas: perspectivas sobre los abusos sexuales en la infancia' izena du tailerrak, eta saio guztiak gaztelaniaz izango dira.

Haurtzaroko sexu abusuak esparru pribatuan soilik gertatzen direla dioen ikuspegi murriztailea gainditzea du helburu datozen asteetan egingo den tailerrak. Hausnarketarako, sentsibilizaziorako eta salaketarako ikastaro bat da, eta 2019an izen berarekin argitaratu zen liburua du abiapuntu. Tolosako Udaletik adierazi dute Tolosa herri berdinzaleago batean bihurtzea dela helburua. "Lanketa pedagogikoen bidez, gai honi erakunde publikoetan ere ikusgarritasuna emateko apustua egin dugu".

Plazak mugatuak dira, eta izena emateko edo informazioa eskatzeko, berdintasuna@tolosa.eus helbidera idatzi edo 943 670 383 telefonora deitu behar da. Bertaratuko direnek, astebete edo egun batzuk lehenago, norberarentzat jazarpena zer den islatzen duen argazki bat bidali beharko dute palabrasdislocadas@gmail.com helbidera, eta lehen saiorako abiapuntuak izango dira.

Honakoa izango da saioen ordutegia:

05/28

16:00-20:00

05/29

10:00-13:00

06/4

16:00-19:00

06/5

10:00-14:00

06/11

16:00-20:00

06/12

10:00-13:00

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!