Datorren astean 45 urte beteko dira Bernardo Bidaola Txirrita lizartzarra Sara eta Etxalar arteko mugan desagertu eta hainbat egunetara bertan hilik agertu zenetik. Garaian poliziaren bertsioak Txirritak buruan tiro jota buruaz beste egin zuela aditzera eman bazuen ere, 2018an egindako autopsiak argitara atera zuen ezetz.
"45 urte luze pasa dira jada, eta oraindik desagertu eta gorpua agertu arteko egun horietan gertatu zenaren egiak ezkutuan dirau. 45 urte luze, eta oraindik inork ez du bere gain inolako erantzukizunik hartu", adierazi du Egiari Zor Fundazioak. Hori dela eta, gaur Txirrita izan dute gogoan Tolosako Euskal Pizkunde plazan Egiari Zor Fundazioak antolatutako omenaldian. Ramon Agirre musikariaren doinuek girotu dute ekitaldia, baita Joanes eta Xabat Illarregiren bertsoek ere.
Hala ere, Estatuan baliatutako indarkeriaren ondorioz, Txirritaren moduan bizitza galdu duten pertsona asko izan direla gehitu dute: "Horregatik, beste ezeren gainetik, aldarrikatu nahi dugu ezinezkoa dela etorkizuneko elkarbizitza demokratikoa eraikitzea heriotza horiek, eskubide urraketa larri horiek aintzat hartzen ez baditugu, aitortzen eta erreparatzen ez baditugu".
Eneko Etxeberria ere bertan izan da. Hain zuzen, 41 urte luze daramatza gerrak desagerrarazi zuen Jose Miguel Etxeberria Naparra anaiaren bila, eta hurrengoa salatu nahi izan du: "Umiliagarria da 45 urte beranduago, exekuzio bat estaltzeko eraikitako gezurra ofiziala izatea. Umiliagarria da Batallón Vasco Español edo GALekin izandako harremanagatik kondenatutako zenbait politikarik kartzelan Altsasuko gazteek baino denbora gutxiago pasa izana. Umiliagarria da gure senideak hil zituztenak kondekoratzea eta horiei biziarteko ordainsariak ematea. Umiliagarria da faxisten martxak ikustea, Francori gorazarre egiten dieten diskurtsoak etengabe aditzea, eta hor Espainiako justiziak terrorearen exaltaziorik ikusten ez duela konturatzea".
Elkarbizitza demokratikoaren eraikuntza
Egoera honekin amaitzerako garaia heldu dela adierazi du: "Ez da nahikoa esatea biolentzia ezberdinetako biktimak badirela; ez da nahikoa biolentzia batzuk bakarrik aitortuko dituzten legeak egitea; ez da nahikoa biktimariorik gabeko biktimak daudela aitortzea". Horregatik, gaurkoan, Etxeberriak dei egin nahi izan dio Estatuari eta bera sostengatzen duten indar politikoei "informazioa desklasifikatu dezaten eta behingoz dagozkien ardurak beren gain hartu ditzaten".
Horrekin batera, Euskal Herriko instituzioei ere dei egin dio Fundazioak. Besteak beste, Udalei, Foru Aldundiei, Eusko Jaurlaritzari eta Nafarroako Gobernuari. Modu horretan "soilik" izango baita posible euskal jendarte osoak partekatzen duen helbururantz aurrerapausoak ematea: "Elkarbizitza demokratikoaren eraikuntza. Hamarkadetan bizitako biolentzia bortitzak eragindako tragediaren memoria izango den horrelakorik berriro errepikatuko ez dela bermatzeko oinarria".