Hamaika Gara

Altxa, sinatu, erabaki eta dantza

Ataria 2021ko mai. 22a, 13:43

Gure Esku taldeak Hamaika Gara ekitaldia egin du Tolosan. Euriari aurre eginez, ekimenaren abestiarekin koreografia dantzatu dute herritarrek hainbat dantzariren laguntzaz.

Erreferendum bidez erabakitzearen aldeko atxikimendu eta konpromiso pilaketa masiboa da Hamaika Gara egitasmoa. Erabakitzeko eskubidea gauzatzearen aldeko jarrera nagusia ikustaraztea du helburu, eta Euskal Herriko lurraldeetan urrats eraginkorrak egitea. Norabide horretan herritarrak elkartzeko asmoz egin dute gaur Tolosako Trianguloan dantza kolektiboa. Ekimenaren abestiarekin, eta Tolosako hainbat dantzariren laguntzaz, koreografia bat dantzatu dute eguraldi bustiari aurre eginez.

Gure Eskuko Jone Amonarrizek hartu du hitza ekitaldiaren amaieran: "Indarrak batzen ari gara osasun krisi honetatik burujabeago atera gaitzen". Prozesua sostengatuko duen oinarri sendo baten beharra aipatu du, "oinarri sendoa da arrakastaren bermea". Gehiengoak erabaki nahi duela ikusarazi nahi du Gure Eskuk eta gehiengo hori burujabetzaren prozesuan inplikatzea da Hamaika Gara ekimenaren helburua.

Burujabetzarako prozesuan aktibo izan nahi duten herritarrei hiru erronka jarri dizkie Gure Eskuko Beñat Sarasolak: "Erreferendumaren aldeko manifestua sinatu eta kanpainaren eskumuturrekoa janztea, inguruan sinadurak biltzea eta uztailaren 3an Bilbon egingo den mobilizazioan parte hartzea". Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan bildutako sinadurak Eusko Legebiltzarrean entregatuko dituzte gero eta Nafarroan jasotakoak, berriz, Nafarroako Parlamentuan. "Euskal erakundeak interpelatuko ditugu, erreferendumak egiteko gaitasun osoa beregain hartu, arautu eta garatu dezaten. Impasse honetatik irten beharra dago, erakundeek herritarren borondatea bideratu behar dute".

Bere erantzukizuna ez du saihestu nahi Gure Eskuk: "Herritar garen aldetik prozesu subiranistaren iniziatiba gure gain hartuko dugu, eta erakundeen erantzuna edozein izanda ere aurrera egingo dugu. Ez gaude inoren zain, herritarron garaia da". Zubigile bokazio horretan, indarrak batzeko deia luzatu du Sarasolak. Erreferendumaren aldeko manifestua sinatu eta Bilboko manifestaziora joateko konpromiso txartela 5 euroan eskuratu daitekeela gogorarazi dute.

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!