1,1 milioi euroko inbertsioa, Tolosa suspertzen jarraitzeko

Ataria 2021eko maiatzaren 21a

Covid19aren ondorioak arindu eta ezohiko egoerari aurre egiten jarraitzeko hainbat neurri hartu ditu Tolosako Udalak, aurten. Ostalariei eta turismo sektoreari diru laguntza zuzenak ematea proposatu dute.

Tolosako Udala iaztik ari da bertako hiri ekonomia eta kultura babestu eta herritarren gizarte babesa bermatzeko neurriak hartzen. “Argi dugu herritarren beharrei erantzutea lehentasunezkoa dela, beraiek erdigunean jarri behar ditugulako”, adierazi du Olatz Peon alkateak. “Oraindik pandemiaren ondorioak jasaten ari gara, eta beraz, beharrezkoa da sektore kaltetuenei laguntzen jarraitzea”, gehitu du.

Hori dela eta, ezohiko aurrekontua prestatu zuen udal gobernuak aurtengo urterako, eta iaz bezala, aurten ere hainbat neurri hartu dira Covid-19aren ondorioak arintzeko. Alkateak azaldu duenez, neurrietako batzuk 2021eko aurrekontuan zeuden aurreikusita; beste batzuk, berriz, egoeraren bilakaeraren ondorioz hartu behar izan dira sektore kaltetuenak babesten jarraitzeko.

Ezohiko aurrekontuen ardatz nagusietako bat “Gizarte Babesa bermatzearena" izan dela esan du Peonek. 2021ean, adibidez, %9 areagotu dute inbertsio soziala. “Aurten, gizarte zerbitzuen alorrera bideratutako aurrekontua ezohiko egoerak sortu dituen behar berriei erantzutera bideratu da, baina baita ere herritarrei eskainitako gizarte zerbitzuak indartu eta hobetzera”.

Aurten, momentuz, 1,1 milioi euro baino gehiago bideratuko dituzte ezohiko egoerari aurre egiteko. “Ahalegin ekonomiko handia da, baina iaz bezala, erabat beharrezkoa”, aitortu du alkateak. “Iaztik hona egitasmo berriak jarri ditugu martxan herria biziberritzeko eta berezkoa dugun izaerari eusteko, Tolosa erreferente izaten jarraitzeko”, gaineratu du. 

Horretarako, 2021ean, udal gobernua bi zentzutan ari da lanean: batetik, ezohiko egoerak ekarri dituen beharrei erantzuten, eta bestetik, etorkizunera begira, herria pandemiaren osteko agertokirako prestatzen. “Ate joka ditugun erronka eta egitasmoei heldu behar diegu. Tolosa ekintzen faktoria bat izan ohi da urtean zehar, eta beraz, dagoeneko lanean ari gara, normaltasuneko jarduera guztia berreskuratzen saiatzen, herriak aurrera egiten jarraitu behar duelako, duen erreferentzialtasuna galdu ez dezan”, azpimarratu du alkateak.

2021eko neurri zehatzak:

Herrian kontsumitzeko bonuak: 120.000 euro. 162 saltokik izena eman dute eta 8.000 bonu jarri dira salmentan. Horiek iraila bitartean erabili ahal izango dira.

Hiri ekonomia babesteko tasetan %100eko hobaria: 421.000 euro. Merkatari, ostalari eta azokagileek, ez dute terrazagatik, espazio publikoaren erabilera handiagoa egiteagatik ezta azokan postua jartzeagatik tasarik ordainduko. Horiez gain, beste sektore batzuek ere ez dute aurtengo hondakinen tasarik ordainduko.

Diru laguntzak sektore kaltetuenentzat: 200.000 euro. Bereziki kaltetuak izan diren sektoreei (ostalaritza eta turismoa) zuzendutako diru laguntza zuzenak ematea proposatu du udal gobernuak. Proposamena maiatzeko Osoko Bilkurara eramango da onartua izan dadin eta ondoren egingo da deialdia. Proposamenaren arabera, ostalaritza establezimendu guztiei 1.000 euroko diru laguntza zuzena emango zaie eta 2.000 euroko laguntza gehigarria izango dute 4 mahai baino gutxiago dituzten establezimenduek. Turismo sektoreko jarduerei, berriz, 3000 euroko laguntza emango zaie.

Kultura babestu eta herria biziberritzeko egitarau eta egitasmoak: 377.880 euro. Ohiko kultur programazioez gain, egitarau bereziak antolatu dira eta antolatuko dira datozen hilabeteetan ere: inauteri egunetan indartutako kultur egitaraua, pazko astean eskainitako Tolofolk jaialdia eta Kultura Plazara ekimena.

Abiatutako proiektu estrategikoak:

Ekintzailetza: Emari-Coworking gunerari buruzko kanpaina eta ekintzaileei bideratutako ikastaroak.

Azoka: Azoka Lagunak proiektuaren indartzea eta Tolosako Azokaren berrantolaketa.

Merkataritza: etorkizunean merkataritza ehuna sendo mantentzeko www.gogoko.eus proiektua, digitalizazioa eta belaunaldi aldaketa sustatu eta ahalbideratuko dira. Era berean, merkataritza lokalen alokairura eta birgatze lanetarako diru laguntza lerroa eguneratu eta martxan jarriko da.

Turismoa: Turismo estrategia landuko da udara begira, eta aurten zabalduko da Turismo Bulego berria. 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!