Koplak, takoi kolpeen erritmora

Josu Artutxa Dorronsoro 2021ko mai. 21a, 09:59

Askoa Etxebarrieta 'La Pulga' flamenko dantzariak eta Miren Amuriza bertsolariak, 'Gorria' ikuskizuna eskainiko dute, gaur, Leidorren; bi diziplinak uztartzen dituen emanaldia da.

Askoa Etxebarrieta La Pulga flamenko dantzariaren eta Miren Amuriza bertsolariaren arteko elkarrizketa artistikoa da Gorria. «Esperimentaziorako gunea da, estetika propio bat sortzeko saiakera bat», esan du Amurizak. Artista bakoitza bere hizkuntzan aritzen da, bat dantzan, bestea, berriz, kantuan, bientzat funtsezkoa den moldea oinarri hartuta: kopla. «Ni ez naiz abeslari flamenkoak imitatzen saiatzen, eta berak ere ez ditu euskal dantzak irudikatzen, baina kode partekatuak eraikitzen goaz», argitu du.

Norbera bere diziplina «modu malgu eta libreago batean gorpuzten eta interpretatzen» saiatuko dela aurreratu du bertsolariak. «Bertsoak flamenkoaren doinu eta konpasetara moldatu ditugu, baina ez dugu ezer berria asmatu. Oso gurea den zerbait da, erraietakoa. Hala ere, argi utzi nahi dugu ez dela bien arteko nahasketa bat; antzezlan purua bezain zaindua da, testuak eta koreografiak modu naturalean uztartuz osatu duguna».

Amurizak aitortu du flamenkoak eta bertsolaritzak ezaugarri komun batzuk dituztela. «Asko dute bat-batekotasunetik, inprobisaziotik. Hortik abiatu ginen ikuskizuna osatzeko, nahiz eta aurrez prestatutako saioa izan. Lehenik, ikasketa prozesu bat egin behar izan genuen, bakoitzak bestearen jarduerari buruzkoa. Nik gustuko dut flamenkoa eta Askoak haurra zenetik entzun ditu bertsoak, baina bietako inork ez dugu gurea ez den diziplina behar bezala ezagutzen. Orduan, besteak egiten duen hori deseraiki eta pieza solteak mahai gainean jarri genituen, zer landu zitekeen ikusteko».

Bi diziplinak herri kulturatik eta tradiziotik datozela gaineratu du bertsolariak. «Formatu informaletan garatu izan dira, jai giroan». Kasualitate hutsa dirudien arren, festa batzuetan du jatorria Amurizaren eta Etxebarrietaren arteko erlazioak. «Berrizko jaietan ikusi nuen lehen aldiz dantzan, eta zeharo harrituta geratu nintzen bere indarrarekin eta oholtza gainean transmititzen zuen energiarekin. Bera ezagutu nahi nuen, proiektu batekin jolas egin nahi nuela aipatu nahi nion, zerbait berria esperimentatzen hasi nahi nuela. Gero, lehen ideia solteak lotzen eta antzezlan bat osatzen hasi ginen, eta azkenean, Lanku bekari esker garatu ahal izan genuen proiektua», azaldu du bertsolari bizkaitarrak.

2019ko udazkenean estreinatu zuten proiektua. Iazko udaberrian, ordea, bertan behera geratu zitzaizkien aurreikusita zituzten emanaldiak. Udan berrekin zioten antzezlana herri ezberdinetan eskaintzeari, eta datozen hilabeteetan itxiko dute zikloa. Tolosako Leidor aretoan eskainiko dute azken emanaldietako bat, gaur, 19:00etan hasita.

Hari gidaria

Argi bidez sortutako kolore sistemako funtsezko koloreetako bat da gorria, begiak ikus dezakeen argi zuriaren espektroko lehena. Konnotazio negatiboak dituen kolorea ere bada gorria: zerbait latza dela adierazteko balio du, baita soila edo biluzia den zerbait azaltzeko ere. Halaber, ikuskizunari izena eta izaera ematen dion hitza ere bada. Baina, zergatik aukeratu zuten izenburu hori? «Aukera zabal bat eskaintzen zuen hitz bat bilatzen genuen, askatasun apur bat emango ziguna», esan du Amurizak.

Ordubeteko saioan, era guztietako gaiak jorratzen dituztela nabarmendu du bertsolariak. «Norbanako nahiz taldeko gatazkei buruz hitz egiteko erabiltzen dugun kolorea da, bizitza eta heriotza, arriskuak eta debekuak, karga ideologikoa, lotsa edota desira adierazten dituena. Batzuetan, haserrearekin lotzen da; beste batzuetan, berriz, odola bezalako elementuekin. Guzti horrek du lekua, literalki nahiz sinbolikoki».

Hamar obretan banaturiko ikuskizuna da, eta kolore gorria, «guztiak lotzen dituen hari fin bat» dela adierazi du Amurizak. «Obra bakoitza pieza solte bat da. Batzuetan, elkarrekin ariko gara, eta beste batzuetan, bakarka», gaineratu du. Interpretazioa osatzeko, gitarraz eta perkusiozko instrumentuekin grabatutako melodiak erabiliko dituzte bertsolariak eta dantzariak.

Gorri ilunetik, gorri argira

Ikuskizunak berak, behetik goranzko ibilbide bat egiten duela esan du bertsolariak. «Doinu lurpekoenetatik dantzagarrienetaraino joaten gara. Gaiei dagokienez ere, antzeko bidea egingo dugu; heriotzatik, isolamendutik edota indarkeriatik hasi eta ahizpatasunerainokoa, sedukziorainokoa edota ospakizun kolektiborainokoa». Hortaz, iluntasunetik argitasunera ere egiten du emanaldiak. «Eszenografiak eta atrezzoak laguntzen dute horretan, eta asko jokatzen dugu argi-ilunekin eta zuri-beltzekin. Kolore gorria bera ere indarra hartzen doa ikuskizunak aurrera egin ahala, eta baita argia hartzen ere».

Gorria kolore beroa izanik, tenperatura altuko kolorea izanik, berotasun hori publikoari transmititzen ere saiatzen dira bi artistak. «Ilunetik argira bezala, hotzetik berora igarotzen saiatzen gara». Horretarako, gorputz-espresioen eta ahozko adierazpenen bitartez, indarra agertzen saiatzen direla dio. «Askoak berak sekulako indarra du, eta guzti hori niri transmititzea lortzen du. Ondorioz, emanaldiak berak indar handia hartzen du, elkar konektatzen dugulako», azaldu du bertsolariak.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!