Kirolari lotutako 24 ikastaro prestatu dituzte udarako

Josu Artutxa Dorronsoro 2021ko mai. 20a, 19:59

Usabal kiroldegian eta Berazubi estadioan izango dira saio gehienak eta jada zabalik da izen emate epea; ekainaren 15ean zabalduko dituzte Usabalgo kanpoko igerilekuak.

Askok udara begiz jota duten honetan, herrian bertan kirolaz eta aisiaz gozatu ahal izateko eta herritarrei ahalik eta zerbitzurik onena emateko erronka ezarri du Tolosako Udalak. Horregatik, aurten, iaz baino eskaintza zabalagoa izango da Usabal kiroldegia eta Berazubi estadioa kudeatzen dituen Kirolzer enpresak, herriko kirol taldeekin prestatutako ikastaroetan. "Kirolzer enpresak eta udalak ahalegina egin dugu zerbitzuak areagotzeko”, adierazi du Joxe Mari Villanueva kirol zinegotziak. 

Ekainaren 28an hasiko dira ikastaroak eta abuztuaren 27ra arte eskainiko dira. lau hamabostalditan banatutako txandetan: ekainaren 28tik uztailaren 9ra, uztailaren 12tik 23ra, uztailaren 26tik abuztuaren 6ra eta abuztuaren 16tik 27ra. Astean 2-3 egunetan eskainiko dira ikastaroak, eta ikastaro bakoitza ordutegi zehatz batean. 

Data guztietarako, haurrentzako, gazteentzako zein helduentzako antolatu dituzte ikastaroak. Batetik, 3 eta 16 urte bitarteko haur eta gaztetxoek kirol ludotekan, dantza eskolan, eskaladan, padelean, igeriketan, piraguan, arraunean, pilotan, triatloian edota tenisean aritu ahal izango dute.

Bestetik, 13 eta 17 urte arteko gazteak, berriz, kirol anitzeko ekintzetan, eta Global Training eta Shuffle Dance modalitateetan trebatu ahal izango dira. "Kirol ohiturak bermatzeko eta urtean zehar klubetan federatuta aritzen diren horientzat entrenatzen jarraitzeko aukera paregabea izango dute, ohiturak ez galtzeko", nabarmendu du Asier Martin, Kirolzer enpresako arduradunak.

Azkenik, 18 urtetik gorako erabiltzaileek, aquafitnes, pilates, Jumpfit, desafit (35 eguneko desafioa), K-Stretch, Cardio fit, Cycling, Global Training eta igeriketa ikastaroetan eta padel eskolan hartu dezakete parte. "Zaletasun eta behar guztietara egokitutako jarduerak eskaintzea da gure asmoa", azaldu du Martinek.

Sukarra hartu beharra
Koronabirusaren pandemiaren eraginez, kirol arloan ezarritako neurriak direla eta, eskaintzen dituen ikastaroetarako zehaztutako segurtasun protokoloa du Kirolzer enpresak. Hori kontuan izanda, eta indarrean dauden neurrien ondorioz, talde txikietan eskainiko dira ikastaroak. Ikastaro guztiak musukoarekin egingo dira, hasieran eta amaieran eskuak garbitu beharko dira eta saio bakoitzaren aurretik eta ondoren materiala desinfektatu egin beharko da. "Horrez gain, saio bakoitzera joan aurretik, etxean sukarra hartu beharko dute ikastaroetan parte hartu behar dutenek”, argitu du Martinek.

Martinek azaldu duenez, ikastaroetan parte hartzeko izena eman nahi dutenek edota informazio gehigarria eskuratu nahi dutenek, Usabal kiroldegira jo dezakete. Bertako bazkide direnek, 943 536 400 telefonora deituz (09:00etatik 21:00etara), www.usabalkiroldegia.com webgunean edo Facebook bidez ere eman dezakete izena. "Izena ematerakoan derrigorrezkoa izango da bazkide txartela aurkeztea. Bazkide ez direnek, berriz, txartelarekin egin beharko dute ordainketa”, azaldu du Martinek.

Kanpoan musukoak bai?
Kirol eta aisia eskaintzaren barruan, Usabal kiroldegiko kanpoko igerilekuak eta berdegunea ere erabilgarri egongo dira. Ekainaren 15etik irailaren 23ra bitarte zabalduko dituzte, eta iaz bezala, aurten ere txandakako ordutegiak izango ditu: 10:00etatik 13:00etara, 13:30etik 16:30era eta 17:00etatik 21:00etara. Tarteko ordu horietan desinfekzio lanak egingo dituzte. "Iazko esperientzia ona izan zen, erabiltzaileek oso ondo erantzun zuten, eta zerbitzu egoki eta segurua eskaintzea lortu genuen. Hori errepikatzen saiatuko gara", adierazi du zuzendariak.

Kanpoko igerilekuetan eta berdeguneetan ere errespetatu beharko dira ezarritako neurriak eta talde ezberdinen arteko segurtasun distantziak. Horretarako, adin-tarte edo antzeko multzoak elkarren ondoan kokatuko dituzte. "Hasiera batean, igerilekura sartzeko soilik kendu ahal izango da musukoa; kalean ditugun arauak, hemen ere bete beharko ditugu. Egia da, eta adituek esan dutenez, baliteke udan aire librean musukorik ez erabili behar izatea. Hori kentzeko aukera emanez gero, gure zerbitzuetan ere musukorik gabe aritzeko aukera bermatzen saiatuko gara. Sekulako gogoa dugu zerbitzu arrunta emateko, eta beraz, ea horrela ibili beharreko azken urtea izaten den", nabarmendu du Martinek.

Bazkide bakoitzak bi modutara egin ahalko du igerilekuko erreserba, online modalitatean, kiroldegiko webgunetik: astean, zerbitzu bakoitzean, hiru erreserba egin ahalko ditu aurrez; baina erreserba horiez gain, egunero sartu ahalko da erreserba egiteko plataformara eta beste bi hitzordu hartu ahalko ditu, libre dauden orduetan. 

Amaitzeko, koronabirusaren gaitzak, jarduera fisikoaren garrantzia mahai gainean jarri duela adierazi du Martinek. "Ez dago aitzakiarik; mugitu egin behar gara. Profesionalen eskutik bada, askoz hobe", nabarmendu du.

Erlazionatuak

"24 kirol ikastaro antolatu ditugu aurten"

Tolosaldeko Ataria 2021 mai 20 Tolosa

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!