Espainiako marka eginez, Irati Lakunza Munduko Txapelketara

Asier Imaz / Imanol Garcia Landa 2021ko mai. 20a, 16:55

Irati Lakunza, teknikari batekin.

Orain gutxi lortu du Irati Lakunza hegats igerilari tolosarrak 100 metro ur gaineko eta 400 metro ur azpiko probetan Munduko Txapelketara joateko txartela.

Irati Lakunza hegats igerilari tolosarrak uztailean egingo den Munduko Txapelketan parte hartuko du, Espainiako selekzioarekin egindako aukeraketako proba batean Espainiako marka hautsi ondoren, eta bestean markatik oso gertu geratu ostean. «Bagenekien ondo genbiltzala, entrenamenduetako denborak ikusiz, baina azkenean lehiaketa batean igerilekura bota arte ez dituzu ziurtatzen denbora horiek», esan du Lakunzak. «Oso denbora onak atera dira eta plaza lortu dut. Motibazio handia da azken txanparako».

Lloret de Marren izan dira aukeraketa proba horiek, orain gutxi. Lehen proba 100 metro ur gainean izan zen, eta bertan 42,78ko denbora egin zuen, Espainiako markatik 8 ehunenekora geratuz. Irabazi egin zuen lehen proba horretan eta animoak eman zizkion bigarren probarako. «Ni ez naiz abiadurako probetan aritzen naizen igerilaria, baina indartsu zaudenean, gauzak ateratzen dira», esan du Lakunzak. Bigarren proban, 400 metro ur azpikoan, egin zuen Espainiako marka, 3.07,09ko denborarekin. Aurtengo munduko sailkapenean, lehen hamar denbora onenetan dago. Munduko Txapelketan finalean sartu ahal izateko denbora izan daiteke lortutakoa. Beste urteetako Munduko Txapelketako denborekin alderatuta, finalean egongo litzateke, baina aurten txapelketarik ez denez egon, ez dauka beste igerilarien erreferentzia garbirik. «Ez nuen horrelako markarik egitea espero», dio Lakunzak.

Bi marka horiek aukera ematen diote Errusian egingo den Munduko Txapelketara joateko. Uztailean egingo da, eta bitartean lehiaketarik ez izateak «beldur pixka bat» ematen dio Lakunzari: «Pare bat hilabete geratzen dira eta tarte honetan ezer lehiatu gabe Munduko Txapelketa bat aurrez aurre izatea ez da egokiena». Hain justu, Errusiatik bueltatu eta astebetera Espainiako Txapelketa izango dute. «Errusiara joan baino bi aste aurretik txapelketa hori izanez gero, askoz hobea izango zen, lehian sartzeko eta erritmoa hartzeko».

Munduko Txapelketa horretan, lehia horretako emaitzez gain, hurrengo urtean egingo diren World Games deritzon txapelketara joateko sailkapena dago jokoan. Olinpiar Jokoetako zerrendan ez dauden kirolekin osatzen da txapelketa hori, eta lau urtez behin egiten da. Sailkapena lortzeko lehen zazpien artean geratu behar du, eta hori izango da bere helburua. «Helburu polita da, baina badakit zaila dagoela. Horretarako ari naiz entrenatzen, eta ilusioz nago».

Aukeraketa proba horien aurretik, erkidegoen arteko Espainiako Txapelketan parte hartu zuen Lakunzak, urrezko hiru domina lortuz: 200 eta 400 metro ur gainekoan eta 400 metro ur azpikoan.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!