Neurri berriekin egingo da aurten T3T maratoia

Ataria 2021ko mai. 19a, 19:58

Orain bi urte egin zen azken edizioa eta T3T proban Hassan Ait Chaou billabonatarra izan zen irabazlea gizonezkoetan.

Ekainaren 13an egingo dira T3T eta T2T mendi lasterketak, eta neurri berrien artean eskumuturrekoen erabilera ezarri dute.

Ekainaren 13an dute eguna jarrita T3T maratoia eta T2T mendi lasterketak egiteko, eta antolatzaile taldeak erabaki berri du aurrera egingo dutela. «Zirt edo zart aurrera goazela erabaki dugu», esan du Iñaki Insausti antolatzaile taldeko kideak. «Gabonetatik bueltaka ari ginen taldean, eta hausnarketa horren emaitza izan da aurrera egitea. Gure esku dagoena behintzat egiteko prest gaude, lasterketak aurrera eramateko». Ez badira lasterketak egiten, antolatzaileen esku ez dagoen zerbaitengatik izango dela argi dute: «Gaur gaurkoz, indarrean dauden neurriekin, ez dugu inongo oztoporik. Ez dakigu zehazki zer gertatuko den hemendik astebetera edo bi astetara, baina hori ez dago gure esku».

Babesle, laguntzaile zein boluntarioekin ere hitz egin zuten antolakuntzakoek beraien asmoaren berri emateko, eta hauen babesa jasota, aurrera egitea erabaki zuten. «Dena kate bat da, eta kate hori ez badoa osorik, alferrik da ezer egitea», zehaztu du Insaustik. Hori bai, hainbat aldaketa izango dira antolakuntzan. Batetik, dortsala hartzerakoan, parte hartzaile bakoitzak betebeharrak zehazten diren paper bat sinatuko du. Bestetik, eskumuturreko identifikatzaile bat izango du parte hartzaile bakoitzak. Irteeran 50 korrikalari inguruko multzotan aterako dira minutuero, eta musukoa ezingo dute kendu, mendi xendetan sartzen ez diren arte, eta helmugaratzean ere musukoa jarri beharko dute. Anoa puntutan ere protokolo batzuk bete beharko dituzte korrikalariek.

Aldaketa nabarmenena, helmuga lekuan ez dela jende pilaketarik egongo izango da. «Ez da argazki hori ikusiko, jende ugari Trianguloa plazan elkartuta korrikalariei animoak ematen», esan du Insaustik. Itxierak egingo dituzte, beraz, jende pilaketak ez egoteko. Horrez gain, ez da ohiko paella jate herrikoia egingo, probak bukatu ondoren.

Bi lasterketak batuta, 600 parte hartzaile izango dira, bakoitzean 300 korrikalari. Aurreko urtetik hainbatek mantendu zuten dortsala edota parte hartzeko aukera. Falta ziren lekuen erdiak 24 ordutan bete ziren. «Itxaron zerrenda ere martxan dago, eta zerrendan daudenei jakinarazten diegu beren posta elektronikoa begiratzen joan daitezela, aukera izan dezaketelako parte hartzeko», azaldu du Insaustik.

T3T maratoiak 43,5 kilometro ditu eta 2.800 metrotako gainbehera positiboa. Tolosan hasi eta bukatzen da, eta Ernio, Uzturre eta Erroizpeko tontorrak igotzen ditu korrikalariak. T2T probak 24,5 kilometro ditu eta 1.600 metroko gainbehera positiboa du, Tolosan hasi eta bukatuz, eta Uzturre eta Erroizpe tontorrak igoz.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!