Tolosak berdintasuna bultzatzeko dituen estrategiak, aztergai

Ataria 2021eko maiatzaren 20a

Inauterietako karroza eta konpartsen lehiaketan Berdintasun Saria txertatu izana aipatu dute.

Tolosarekin batera, Gasteiz, Amurrio, Laudio, Bilbo, Berriz, Gernika, Donostia eta Antzuolako jaietan egindako eraldaketak jaso ditu Emakundek sustatutako ikerketa batek.

Emakundek Emakumeek Euskal Autonomia Erkidegoko tokiko jaietan parte hartzeko estrategiak ikerketa argitaratu du. Bertan, bederatzi herritan garatutako aldaketa-prozesuak aztertu dituzte, jaietako eredu parte-hartzaileagoa eta berdinzaleagoa ekarriko duten estrategiak, gomendioak eta erronkak identifikatzeko, eta tartean da Tolosa. Inauterietako eta San Joan jaietako jardueretan berdintasunaren irizpidea txertatu izana nabarmendu dute.

Lanak beraz, Tolosa, Gasteiz, Amurrio, Laudio, Bilbo, Berriz, Gernika, Donostia eta Antzuolako jaietan berdintasuna bermatzeko egin diren aldaketak aztertzen ditu eta erakusten du jaietako balio, tradizio eta ohituren transmisioak ez duela aitzakia izan behar praktika diskriminatzaileei eusteko.

Izaskun Landaida Emakundeko zuzendariak esan du, «berdintasuna bermatzeko jaiak eguneratzea ezinbestekoa da justizia sozialari dagokionez eta horrela eskatzen dute emakumeek, mugimendu feministak eta gizarte osoak». Txostenak jasotzen dituen erronken artean, udalerri bakoitzeko jaietan berdintasunaren inguruan hausnartzeko eta lan egiteko gune bat sortzea proposatzen da. Laborategi moduko bat, gero udal behatokien sare bat sortzeko, non berdintasuneko eta jaietako teknikariak eta politikariak inplikatuko diren, ikaskuntza kolektiboko espazioak ahalbidetzeko. Jai-ereduari genero-ikuspegitik heltzeaz gain, azterlanak udal teknikariak prestatzeko eta berdintasunaren arloko legeria aplikatzeko gomendioak jasotzen ditu, emakumeen presentzia bermatzeko parte-hartze eta berdintasun handiagoko jai-eredu batean.

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!