Afrikako Astea ospatuko du Divinas elkarteak Tolosan

Tolosaldeko Ataria 2021ko mai. 19a, 11:58

Datorren asteartean ospatzen den Afrikaren Egunaren testuinguruan egingo dituzte ekitaldiak maiatzaren 25etik 29ra

Maiatzaren 25ean ospatzen da Afrikako Eguna eta ospakizun horien testuinguruan, eta kontinenteko errealitate aniztasuna islatzeko helburuarekin, hainbat ekitaldi antolatu ditu Divinas emakume nigeriarren elkarteak.

Lehenengo gonbidatua Jeanne-Rolande Dacougna Minkette izango da. Jatorri senegaldarreko feminista eta kultur aniztasun kudeaketan aditua da. Jatorri afrikarra duten emakumeentzat Europan feminismoaren praktikaz ariko da. Datorren asteartean, maiatzaren 25ean eskainiko du hitzaldia Tolosako kultur etxean.

Bestalde, maiatzaren 26 eta 27an, FCAT Tarifa-Tangerreko Zine Afrikarraren jaialdiko doako emanaldiak eskainiko dituzte Leidor aretoan. Eta amaitzeko, hilaren 28an, Divinas elkarteko kideek ipuin kontaketa saioa egingo dute igbo hizkuntzan, haur eta helduei zuzenduta.

AFRIKAKO ASTEA

Maiatzak 25, asteartea

19:30. Tolosako kultur etxean hitzaldia eskainiko du Jeanne-Rolande Dacougna Minkettek. Feminismoa: zer teoria eta praktika Afrikako emakumeentzat Europan? gaiaren inguruan ariko da. Aurrez eman beharko da izena, 632 13 47 79 telefonoan.

Maiatzak 26, asteazkena

19:00. Leidor aretoan Rafiki filma eta Icyasha film laburra eskainiko dituzte. Sarrerak doakoak dira.

Maiatzak 27, osteguna

19:00. Leidor aretoan Kinshasha Symphony dokumentala eskainiko dute. Sarrerak doakoak dira.

Maiatzak 28, ostirala

17:00. Tolosako kultur etxeko areto nagusian haur eta helduei zuzendutako ipuin kontaketa saioa izango da Divinas elkartearen eskutik. Igbo hizkuntzan izango da, euskarazko itzulpenekin. Aurrez eman beharko da izena 632 13 47 79 telefonoan.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!