Etxebizitza aukera berriak, Agaramundun

Josu Artutxa Dorronsoro 2021ko mai. 19a, 08:59

Zabalik dago Agaramundu plazako babes ofizialeko etxebizitzetan eskaera egiteko epea; hilaren 28a baino lehen egin daiteke, telematikoki edo udaletxera bertaratuz 

Tolosako Udalak tolosarrei etxebizitza alorrean aukera berriak eskaintzeko hainbat laguntza jarriko ditu martxan aurten. Apirilean, gazteei emantzipatzen laguntzeko Euskal Herria plazako bizitokien deialdia abiarazi zen, eta orain, Agaramundu plazako babes ofizialeko etxebizitzetan izena emateko epea zabaldu da, 70 urtetik gorako eta mugikortasun urri iraunkorra duten pertsonentzat. Maiatzaren 28ra bitarte egin daiteke eskaera, telematikoki (udalaren erregistro elektronikoaren bidez) edo UDATEn.

Hutsik dauden 6 etxebizitza beteko dira, horietako bat izango da mugikortasun urri iraunkorreko pertsonentzat. Hauen kasuan, eskabideen kopuruak esleituriko etxebizitzen kopurua gainditzen badu, minusbaliotasunaren maila aitortzeko lehentasun ordena jarraituko da esleipenean. 70 urtetik gorako eskatzaileei dagokienez, zozketa publikoa egingo da baldintzak betetzen dituztenen artean, esleipendunen zerrenda eta itxaron zerrenda osatzeko.

Tolosako Udalaren webgunean (www.tolosa.eus) kontsultatu daitezke deialdian parte hartzeko oinarriak eta baldintzak, baita etxebizitzen inguruko zehaztasun eta argazkiak ere. Urtebeterako esleituko dira bizitokiak eta urtez urte luzatu ahal izango dira kontratuak, gehienez ere zazpi urtera arte. Zazpi urteren ondoren, kontratua berritzeko aukera egongo da bizikidetza-unitateak eskatzen diren baldintzak betetzen jarraitzen badu.

Jabeek, eskatzeko aukera
Euren bizitokietan irisgarritasun arazoak dituzten pertsonei irtenbide bat eman eta bizi-baldintzak hobetzea da deialdi honen helburua. Eraikinaren atarian, eskailerez gain, barandadun arrapala dago eta eraikinak igogailua  du. Gutxienez bi logela dituzte etxebizitza guztiek eta, bizitoki bat mugikortasun urria dutenentzat dago egokituta.

Aurten, gainera, berrikuntza bat txertatu da deialdian. Dagoeneko etxebizitza bat jabetzan dutenek ere eskaera egin dezakete, baina ondorengo kasuetan bakarrik: titularra 70 urtetik gorakoa denean eta etxebizitzak irisgarritasun baldintzak betetzen ez dituenean edo etxebizitza-eraikinak sarbideei eta igogailuei buruzko baldintzak betetzen ez dituenean, betiere kide batek mugikortasun urri iraunkorra badu. Esleitutako pertsona etxebizitza baten jabe bada, Alokabide SAren esku utzi beharko du, Bizigune programaren bidez, hutsik geratu den etxebizitza hori alokairura bideratzeko.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!