Lehen fasea amaituta, bigarrenari ekin diote Laskoain kalean

Josu Artutxa Dorronsoro 2021ko mai. 19a, 07:59

Asfaltatze eta margotze lanak egiten ari dira, eta datozen asteetan hiri-altzariak eta kaleko argiak jarriko dituzte; ekaina erdirako obrak amaitzea aurreikusten du udalak.

Laskoain kaleko azpiegiturak eta zorua eraberritzeko lanekin aurrera jarraitzen du Tolosako Udalak. Obrak «martxa onean» doazela adierazi dute. Pasa den astean hasi ziren lehen faseko lan sakonenekin, Laskoain kalea eta Nafarroa etorbidea bitarteko eremuan. Besteak beste, zorua asfaltatzen, margotze lanak egiten eta hiri-altzariak jartzen ari dira, eta lan horiek ekaineko lehen hamabostaldirako amaituta egotea aurreikusten dute. Lehen faseko eremua trafikora zabaldu bitartean, Paulo Rekondo kaletik bideratuko dira ibilgailuak, eta bertatik sartu beharko da Felipe Digiols-Laskoain aparkalekura. Lopez Mendizabal plazako aparkalekura, berriz, Foruen Etorbidea kaletik sartu beharko da.

Aldi berean, bigarren faseari dagozkion lanei ekin zieten, Laskoain eta Gudari kaleen arteko gunean. Hori dela eta, tarteka galarazita egongo da kalerako sarbidea; hala ere, lehen fasean egin bezala, uneoro bermatuko da etxeetako atarietarako eta saltokietarako oinezkoen sarbidea. Bigarren fase honetan ere, Lopez Mendizabal plazaren eta San Frantzisko pasealekuaren arteko eremua eraberrituko da, eremu osoari itxura bateratua emanez.

Elkarbizitza gunea
Lan hauei esker, Laskoain kalea «eremu atseginagoa eta jasangarriagoa» bilakatzea nahi du udalak. «Azpiegiturei dagokienez, euri urak eta ur zikinak bereizteko saneamendu sarea berritu da. Gainera, kale-argiztapen berria jarriko da led argiak erabilita, energia kontsumoa murrizteko. Irisgarritasuna hobetzeko, espaloiak zabaltzen ari dira eta espaloia zein errepidea maila berean jarriko dira. Azkenik, lorategi ezberdinekin apainduko da», azaldu dute.

Behin lanak amaitzean, Laskoain kalea Elkarbizitza gunea izendatuko du udalak, «eremu honetan oinezkoek lehentasun osoa izan dezaten». Autoek, beraz, abiadura murriztu beharko dute bertan.

Kalearen eraberritzearekin batera, bertako merkataritza jarduera sustatu nahi du udal gobernuak, Nafarroa Etorbidea eta Gudari kaleekin gertatu den bezala. «Helburu berarekin, Gune Biziak proiektua garatuko da bertan, merkataritza paisaia berreskuratu eta jarduera ekonomikoa sustatzeko».

Beste lanak, erritmo onean
Laskoain kalearen eraberritzearekin batera, aurrera jarraitzen dute Euskal Herria plazako arkupe azpiko zoladura berritzeko lanek eta Gernikako Arbola eremuko bigarren faseak. Udaletik esan dutenez, «erritmo onean» doaz bi guneetako obrak. Euskal Herria plazari dagokionez, aste honetan hasiko dira harri berria jartzen Topic atarian, eraberritu duten lehen aldean, alegia. «Tolosarrei herri garbia, atsegina eta zaindua eskaini nahi diegu, bertan dagoena balioan jarriz eta espazio publikoa egoera onean mantentzeko lanak gauzatuz», adierazi dute udaletik.

HEZETASUN ARAZOAK, IURREN

Iurre auzoko 1-13 garajeetako hezetasun arazoak direla eta, arazoari konponbidea emateko hitzarmena sinatu dute  Tolosako Udalak eta bertako bizilagunek. Arazoen iturria eta konponbideak aztertuko dituzte aurrena. Bi aldeen artean hala adostu ondoren, Salaberria Ingeniaritza SL eta Str Egiturak enpresek egingo dute azterketa hori. «Sei hilabete izango dituzte bi enpresek eremuaren eta egoeraren diagnosia egiteko, eta ondoren, irtenbideak mahai gainean jarri eta ardurak banatuko dira», azaldu dute udaletik.

Azterketa bi fasetan egingo da. Lehen fasean, Salaberria Ingeniaritza SL enpresak, bideo ikuskaritza bat eta azterketa topografiko bat egingo ditu, eta ur sarea ikuskatuko du. Bigarren fasean, berriz, Str Egiturak enpresak, garajeen egoera aztertuko du, egitura, euri urak jasotzeko instalazioak eta bestelako elementuak ikuskatzeko. Hainbat eremutan laginak ere hartuko ditu inpermeabilizazioa ona den ikusteko. Azterketa lan guztiak egin eta gero, jasotako emaitzen arabera egingo da arazoa konpontzeko beharrezko lanen proposamena.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!