Esan ohi da ametsek beti esaten digutela zerbait, gure subkontzientearen saiakera bat direla esna gauden bitartean konpondu ezin ditugun korapiloak askatzen saiatzeko. Nire amets errepikakorra zera da, korrika ari naizela, baina ez norbaitengandik ihesi, baizik eta norabait iritsi nahian. Eta helmuga horretara heltzeko zorian nagoenean, hartu nahi dudan zer hori ia hatz puntekin ukitzen dudan unean… orduantxe esnatzen naiz. Freuden psikoanalisi teorietan gehiegi murgildu gabe, pentsa liteke badudala ezkutuko desioren bat, edo agian ez hain ezkutukoa, eta hori lortzeko nahiak edo lortu ezinaren frustrazioak eragiten didala ametsa.
Eta helmuga horretara heltzeko zorian nagoenean, hartu nahi dudan zer hori hatz puntekin ukitzen dudan unean... orduantxe esnatzen naiz
Kontua da azkenaldian badudala sentsazio bat, iruditzen baitzait esna ere amets horretan murgilduta nagoela. Badagoela lortu ezin dudan zerbait, duela urte eta erdiko bizitzara itzultzea, alegia. Hain doakigu luze zorioneko birusaren trantzea… Izan ere, bidea egiten ari gara, zenbakiek behera egiten dutelako, txertoak jartzen ari garelako, baina helmuga usaintzen hasi bezain laster, beti datorkigu beste olatu bat, birusaren aldaera berri eta kutsakorrago bat, zenbakien enegarren gorakada… eta berriz ametsaren hasierako puntuan nago orduan, bide bera egitera kondenatuta, Sisifo harriarekin bezala.
Hala ere, hitzok idazten ari naizen heinean pentsatu dut ez diodala bukaera goibela eman nahi iritzi honi. Ni neu ez naizelako pertsona ezkorra. Pentsatu nahi dut amets egin nezakeela amaierarik gabeko zulo beltzarekin, baina horren ordez helmuga izan baduen amets bat aukeratu dudala, eta itxaropen izpi bat badagoela nire gogoan. Eta oraindik behin edo behin desioa bete baino lehen esnatu behar badugu ere, irauliko dugula Sisiforen mitoa. Jarrai dezagun amesten…