Hamaika Gara

Dantza kolektiboa, erabakitzeko eskubidearen alde

Ataria 2021ko mai. 19a, 11:57

Tolosako Gure Esku taldeak Hamaika Gara ekitaldia egingo du larunbatean, Trianguloan 12:00etan, Euskal Herri osoan egingo diren ekitaldiekin bat eginaz.

Hamaika Garak dantzaren bidez elkartu nahi ditu herritarrak datorren larunbatean. Euskal Herri osoan egingo dira ekitaldiak eta Tolosako Gure Eskuren taldeak Trianguloa plazan egin du hitzordua, 12:00etan. Ekimenaren abestiarekin eta Tolosako hainbat dantzariren laguntzaz, koreografia bat dantzatzea izango da  ekitaldiaren ardatza. Ekitaldiak, orotara, ordu erdi iraungo duela aurreratu dute, eta goiz osoan zehar sinatzeko zein Hamaika Gararen materiala erosteko aukera egongo dela gaineratu dute.

Hitzordu honetan parte hartzeko gonbidapena luzatzearekin batera, burujabetzarako prozesuan aktibo izan nahi duten herritarrei hiru erronka jarri dizkie Gure Eskuk: erreferendumaren aldeko manifestua sinatu eta kanpainaren eskumuturrekoa janztea, inguruan sinadurak biltzea eta uztailaren 3an Bilbon egingo den mobilizazioan parte hartzea.

Beñat Sarasola Tolosako Gure Eskuko kidea: «Erabakitzeko tresnak behar ditugu herritarron eskura; krisia kudeatzeko eta krisitik nola irtengo garen erabakitzeko. Begirada altxatzen hasteko garaia da, unean-uneko urgentziek zerikusi handia baitute etorkizuneko erronkekin».

Herritarron gehiengoak erabaki nahi duela ikustarazi, eta gehiengo hori burujabetzarako prozesuan inplikatzea da Gure Esku beste hainbat eragile sozialekin elkarlanean sustatzen ari den Hamaika Gara ekimenaren helburua.

Hamaika Gara egitasmoa
Erreferendum bidez erabakitzearen aldeko atxikimendu eta konpromiso pilaketa masiboa da Hamaika Gara egitasmoa. Erabakitzeko eskubidea gauzatzearen aldeko jarrera nagusia ikustaraztea du helburu, eta Euskal Herriko lurraldeetan urrats eraginkorrak egitea. «Gure bizitzetan eta komunitatean eragiten duten auziei buruz erabakitzeko eskubide osoa dugu eta sinistuta gaude indarrak batzen baditugu, lortuko dugula beharrezko tresnak geureganatzea. Horregatik, Gure Esku herri mugimenduaren eta alor anitzetako eragileen arteko elkarlana eta sarea ditu oinarri egitasmoak», diote egitasmoko kideek. Eskaera eskubidearen bidez, Araba Bizkaia eta Gipuzkoako sinadurak Eusko Legebiltzarrean entregatuko dituzte gu eta Nafarroan jasotakoak Nafarroako Parlamentuan. 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!