Zumarditxikia berreskuratu ahal izateko aparkaleku posibleak ari dira aztertzen

Tolosaldeko Ataria 2021ko mai. 13a, 07:59
Patxi Amantegi, Olatz Peon eta Egoitz Sorozabal, gaur, Zumarditxikian.

Eremua tolosarren eskura jartzea da Tolosako Udalaren lehentasunetako bat. Bide horretan, proiektuaren idazketa esleitu du jada eta gunea berritzean sortu den aparkaleku galerari aurre egiteko irtenbideak garatzen ari dela esan du.

Zumarditxikia berreskuratu nahi du Tolosako Udalak eta bertan oinezkoei lehentasuna emateko, oinezkoen mugikortasuna sustatzeko, ibilbideak bultzatzeko eta espazioaren kalitatea hobetzeko konpromisoa hartu duela esan du, Mugikortasun Planarekin bat eginaz. Proiektua estrategikoa dela esan du Olatz Peon Ormazabal alkateak; «erdiguneari arnasa eta herritarrei aukera berriak eskainiko dizkien proiektua da, horregatik lehentasunezko gaia da guretzat ematen ari garen pauso guztiak dira garrantzitsuak; datorren urte hasierarako prest izango dugu proiektua eta ondoren obraren lizitazioa abiaraziko dugu legealdi honetan lanekin hasteko». Izan ere, 2019-2013 Legealdi Planean jasotako proiektua da Zumarditxikiarena.

Bide horretan proiektuaren idazketa esleitu dute jada, eta Sestra Ingeniería y Arquitectura enpresak egingo du. Idazketak bi epe izango ditu; azterketa lana eta dauden alternatiben arteko konparaketa egingo dituzte lehenik, eta exekuzioa proiektua idatziko dute ondoren. 

Horrekin lotuta herritarrek proiektuan parte hartzeko aukera izango dutela esan du udalak eta proposamen eta ekarpenak jasotzeko eta proiektua herritarrei aurkezteko saioak antolatuko dituzte. Sestra enpresak 7 hilabete izango ditu lan horiek egiteko eta aurreikuspena da udalak urte hasierarako jasoko duela proiektua. 2022an bertan jarriko dute abian obra egiteko lizitazioa, asmoa baita lanekin legealdi honetan bertan hastea.

Aparkalekuak
Zumarditxikian egun aparkatzen diren auto guztiak lekualdatu beharko dira etorkizunean, eta aparkaleku arazoari irtenbidea eman asmoz hainbat aukera aztertzen ari da udala. «Aukera guztiak sakonki aztertzen ari gara. Herritarren beharrak ari gara kontuan hartzen, baina baita ere kostuak, gastuak eta trafikoan izan ditzaketen eragina, bai oinezkoengan, mugikortasunean, herriko sarrera-irteeratan eta ingurumenean. Datu horiekin guztiekin bideragarri eta egokiena den neurria hartuko dugu», esan du Egoitz Sorozabal Hirigintza eta Lurralde arloko zinegotzi arduradunak.

Epe motzera hiru aukera ari dira aztertzen:

  • Ibaiondo saihesbidean aparkaleku eremua sortzea, bi noranzkoak mantentzea eta espaloia estutzea.
  • Ibaiondo saihesbidean aparkaleku eremua sortzea, trafikoa noranzko bakarrean jarrita eta espaloia mantentzea. Trafikoa Izaskungo aldapatik eta Santa Luziatik bideratuko lukete.
  • Tolosako aparkaleku publikoetan (Lapurdi eta Alondegia) Alde Zaharreko bizilagunentzat aparkalekuak gordetzea.

Epe ertain-luzerako aukerak:

  • Santan Klara atzean aparkaleku berria eraikitzea. Kasu horretan, udalak lurzoruaren jabetza eskuratu beharko luke.
  • Tolosako aparkaleku publikoen kontzesioak amaitzean, horietako bat udalak bere gain hartzea eta herritarren eskura jartzea. Kontzesioak 6 eta 30 urtera amaitzen dira.

Kokagune berezia
Zumarditxikiren kokagunea bereziki interesgarria dela uste du udalak; Oria ibaiaren ertzean dago, erdialdetik oso hurbil eta «tolosarrei era askotako erabilerak eskainiko dizkie». Parke erabilera eman nahi diote espazioari, aisialdirako berdegune berri bat eratuta, hirigune historikoari arnasa emateko helburuarekin. «Espazio naturalagoa, inklusiboagoa, irisgarriagoa eta bateratuagoa izango da, espazio libre osoari izaera bateratua emango zaiolako. Naturarekiko harremanak sustatuko ituen eremua izango da hirigintza eredu jasangarrien bitartez, eta gizarte ekintzak antolatzeko gunea ere izango da: kontzertuak, azokak, kale antzerkiak eta era askotariko jarduerak bertan garatzeko eta genero perspektibari dagokionez, eremu segurua izango da». Ingurumen ikuspegia aipatu du ere alkateak eta esan du ingurumenarekiko errespetua izango duen diseinua garatuko dutela, eraikuntza jasangarri eta arkitektura iraunkor-ekologikoak sustatuz, energia berriztagarriak erabiliko direlarik eta bertako landaretza mantendu edo hobetuko dutelarik, hegazti espezien habitata zaintzeko. 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!