ELKARRIZKETA

«Nahiz eta zaila izan, diskoa zuzenean aurkeztu nahi genuen»

Eneritz Maiz Etxarri 2021ko mai. 14a, 07:58
Postal Kolekzionistak taldea, Iñigo Asensio bigarrena eskuinetik hasita. IDOIA DAVILA UZKUDUN

Postal Kolekzionistak taldeak Bagoi hutsak izeneko bigarren diskoa kaleratu du. Iñigo Asensiorekin batera, Ander Zubillaga, Irene Lopez, Juanjo Falcon eta Michel Longaronek osatzen dute taldea. Gaur, 19:00etan, Tolosako Leidor antzokian eskainiko dute disko berria aurkezteko lehen kontzertua.

'Bagoi hutsak' diskoa argitaratu berri duzue. Zein gorputzaldirekin zaudete?

Gogotsu. Azken urtebete pasa honetan guztioi aldatu zaigu gorputzaldia. Bizimodua, eta musika egiteko ez, baina bai kultura kontsumitzeko aldaketaren barruan, musika elkarbanatzeko eta kontsumitzeko modua. Gogotsu gaude, eta diskoa ateratzeko momentua zela erabaki genuen eta konbentzituta gaude. Bi urte ia zehatz igaro dira, eta akaso beste talde izaera batekin, bidea eginda. Aurrekoan topatu berri eta kasualitateen ondorioz-edo egin genuen topo Postal Kolekzionistok, eta bigarren disko honetan esango nuke ibilbidea edo bide hori pixka bat gehiago landuta, sendoxeago iristen garela. 

Ia bidaiatu ezin denean, diskoak bidaiatzera eramaten du. Trenak, bidaiak,... nolatan?

Uste dut halabeharrez eta naturalki gertatzen den zerbait dela. Nire azken hamaika urteren heren bat atzerrian pasa dut. Tarteka kontuak egiten ditut, eta urtean 95-100 egun inguru izan dira etxetik kanpo.

Bidaia oso presente dago. Bidaia, bidaiaren prestakuntza, bidaia ostea, itzulerako egokitzapena, bidaiak zure bizitzan sortzen dituen gorabeherak eta bidaia bera. Bidaiaren pasarte, bizipen eta gauza horiek guztiak. Eta akaso bidaietan topatzen dudalako idazteko, konposatzeko eta musika egiteko momentu egokietako bat. Postal Kolekzionistak oso bidaia proiektu bezala jaio zen, edo bidaia musika talde bezala. Nahiz eta bigarren disko honetarako bidaiatzeko aukera gehiegirik ez den izan.

Bidaiak baliatzen dituzu, beraz?

Disko honetako lehen konposizio faseko lehen bi kantuak Japoniatik, 2019an egindako bidaia baten itzuleran aireportu eta hegaldiaren tarte horretan, azken gaua izango zen hiri hartan, egin nituen. Orduantxe bi kantu horiek sortu eta batzuk aurreragotik ere banituen buruan, eta beste batzuk hilabete hauetan, konfinamenduan landutakoak dira. Eta Portuan kantuaren letra, berriz, duela hilabete, Suitzara egindako bidaia batean hegazkinean amaitu nuen. Eta presak hala behartuta Suitzan grabatu eta handik bidali nion Beñat Igerabideri, diskoaren teknikari eta nahaste arduradunari. Honek ere badu literalki bidaietatik. Noski bidaiei erreferentzia egiten die, eta trenak oso presente daude. Bagoiak, ez lekuak, geltokiak, bidaien hasiera eta amaiera puntuak, gauza askori egiten zaie erreferentzia eta arrazoi horiengatik bidaiak oso presente daude.

Tren geltokietan edo aireportuetan zain egon beharreko denbora hori aprobetxatzen duzu?

Bidaiaren egoerak berak bultzatzen zaitu idatzi nahi izatera. Halaxe sortu zen hau guztia. Mexiko hirian 2013an, Azken gaua hirian kantua, nahi gabe, gitalele bat erosi eta jolasean sortu zen. Mexikoko lagun batek grabatu zuen, eta gerora musika proiektua martxan jartzerakoan garrantzitsua izan zen hura grabatuta izatea, zeren bestela ez nukeen gogoratuko. Eta horrela izanda, 2013az geroztik, musika egiteko gogo hori sortu eta berreskuratu dut. Urte asko neramatzan abestiak konposatu gabe. Abestu gabe. Denbora baliatzea baino, denboraren ondorioz bidaietan sortu zaidan gosea edo gogoa izan da.

Sorkuntza lana behar zenuen?

Sorkuntza ez dago inoiz ia guztiz geldirik. Lehen konfinamenduaren giroan nik konposatzeko gogo handirik ez nuen izan, baina bai kantuak josten joatekoa. Disko honetan dauden kantu batzuk banituen ordurako bizirik zeudenak, eta orduantxe, konfinamendua hasi eta aste gutxira kaleratu genuen Lekuak leku. Gerora dezente atzeratu den disko baten aurrerapen kantua izan zena. Baina konposatzeko gogorik ez nuen, eta gainera uste dut neure buruari ere esan niola ez zela konposatzeko momentua. Aterako zen orok izango zuen bizitzen ari ginen muturreko egoera horren kutsua. Ez nuen hori nahi. Aldiz, etxean denbora asko eman zidan kantu batzuk ontzen joateko, konponketa batzuk lantzeko, itxura hartzen joateko... horrek bai ahalbidetu du askotan denbora faltagatik geldirik dauden gauza horiek martxan jarri izana. Konposatzeko beharra pixka bat askeago izan garen giro honetan izan dut.

Taldeko sorkuntza lana batik bat zurea da?

Sorkuntzari erpin asko marraz dakizkioke. Hitzen melodien ardura nirea da, eta normalean armonien ardura ere bai. Kantuaren trazaera eramaten dut: akordeak, melodia eta hitzak. Sorkuntza horretara mugatzen dela esatea uste dut erredukzionismo bat litzatekeela. Diskoan entzuten diren kantuek badute oso Postal Kolekzionisten kutsua. Bakarkako proiektu hutsean balitz beste modu batera jantzita egongo lirateke.

Urte arraro bat tarteko, bost kide, nola moldatu zarete grabaketa lanak egiteko?

Zorionez, hiru kidek, Juanjok, Anderrek eta hirurok, geure etxe edo lokaletan gauza dezente grabatzeko baliabideak ditugu. Beraz, gauza asko eta maketa horiek osatzerakoan, egiteko moduan ginen. Zortzi kantu izan dira, ez da hain disko luzea. Elkartu gara, lokalean pixka bat landu ditugu, eta horren ostean, grabazioa nahiko azkarra izan da. Batez ere banaka grabatu diren gauzak, gitarrak, teklatuak, baxuak, ahotsak,... norberak bere momentuan eta bere kaxa egin ditu, lainoan elkartzen joan dira eta gero Beñatek denak nahastu ditu. Alde horretatik errazagoa izan da. Ez ditugu hartu bi aste estudio batera joan eta lan hau egiteko. Beste modu batera lan egin dugu, eta ziur aski gure bizitza egoerek ere horrela bultzatu dutelako izan da. Oso zaila litzateke talde honek astebete hartzea estudio batean sartzeko. Ez da hain erromantikoa izan.

Nola definituko zenuke zuen musika?

Erronka izaten da norberak bere musika definitzea. Nik beti esan izan dut kantautore girotik pop-rockera doan musika dela. Nire eragin musikal gehienak kantautoreak izan dira. Izan Kike Gonzalez, izan Mikel Urdangarin, izan Ismael Serrano edo Iker Lauroba, Rafa Rueda, Carlos Chaouen... baina konposatzerako orduan nik hor atzean talde bat dagoela pentsatzen dut. Zer egin dezakegun eta zer eman dezakeen bakoitzak; kantuak ere saiatzen naiz, batzuk behintzat, ahalik eta irekien eramaten lokalera. Jarrera edo izaera gehiegirik eman gabe, eta ea zer gertatzen den. Sorpresak eramaten dituzu. Aldiz, agian beste abesti batzuk neure buruan forma konkretuago batekin daude. Beraz, pop-rockaren kaxoi erraldoi horretan dena kabitzen da, eta akaso disko hau rockeroxeagoa da, baina pop-rock musika egiten dugula uste dut. Esparru zabala da, eta norbaitek abizenak jarri ditzake, baina ni ez naiz oso trebea horretan eta egia da zeure buruari abizen asko jartzea zaila dela. 

Zortzi abesti dira. Elkarren artean badute loturarik? 

Asko, eta aurreko diskoko kantuekin, eta baita kaleratu ez ditudan abestiekin ere. Azken bagoia bada aspaldi bidaia batean idatzi nuen kantu baten letraren hasiera, eta Azken Bagoitik kantuan egiten dio erreferentzia existitzen ez den kantu horri. Badaude loturak Besarkada hutsen klubari. Hori lehenengo diskoan agertzen zen kontzeptu bat zen. Abestien artean badira hitz batzuk errepikatzen direnak. Agertzen dira besarkadak, agertzen da geroa, bagoia bera, joan-etorriak, bidaia eta uste dut oso presente dagoela esperantza. Bagoi hutsak bai da esperantzatik egindako desamodio disko bat.

Kolaborazio ezberdinak ere izan dituzue. Nolako esperientzia izan da?

Batzuekin errepikapen bat izan da, eta oso lagun eta gertuko ditut. Xabier Zeberiok egin zuen aurreko diskorako Zerua oskarbi da, amona abestirako soka konponketa, eta honetan Aireportuak II kantuarentzat. Aitor Zorzano oso laguna dut, eta berak egin ditu soka konponketak. Hor izan dira berriro Niko Andino tronpetan, Beñat Larrauri tronboian eta Aitor Zorzano bera saxoan. Lehen aldiz Ruben Salvador tronpeta jotzailea, azken urtetan, lan giroan lagun dudan pertsona da, eta gero Mikel Urdangarinena dago, eta hori oso kolaborazio berezia da. Mikel azken urteetan gertutik ezagutu dudan eta lagun dudan pertsona da. Ezin uka dezaket miresten dudan eta musikan erreferente izan dudan eta duela ia hogei urtetik jarraitzen dudan norbait dela. Kafea zor didazu kantua sortu nuenean bai sentitu nuen akaso kolaborazio hori gertatu zitekeela. Anek idatzi dit zutaz kantuari erreferentzia egiten diot, eta pentsatzen nuen ez nintzela ausartuko, edo ausartu baino Mikel ez nuela konpromiso horretan jarriko. Baietz esan zuen, eta azken unean presaka eta korrika, estresatu nuen. Grabatu genuen eta zoragarria izan da; kantua beste esparru batera darama, eta batez ere, musikan egin dudan bidetxo honetan Mikel Urdangarinekin kantu bat egin dudala esan dezaket. Poza ematen du, eta polita izan da.

Beñat Igerabideren lana ere aipatu gabe ezingo da utzi.

Beñat Igerabiderekin elkarlana abiatu zen Lekuak leku aurrerapen kantu hartan, eta bazirudien joan-etorriko bidaia bat izango zela. Taldean aurreko lana Anderrek nahastu eta ekoiztu zuen, eta oraintxe nahikoa lan horri heltzeko, eta biok genuen buruan alternatiba Beñat izan zitekeela. Lekuak lekurekin lan zoragarria egin zuen konfinamendu betean, eta lan ederra egin du, eta batez ere, izugarrizko pazientzia izan du. Epeak oso estuak genituen, eta diskoa udaberri honetan erakusteko lehenbailehen nahi genuen. Azkar egitea egokitu zitzaion, eta nik uste lan oso ona egin duela. Diskoari testura eta kolore oso-oso polita ematea lortu du.

Lehen kontzertua, gaur, herrian bertan.

Bai. Hori ere oso kuriosoa da. Azken Gaua Hirian sortzen ari ginela nik ez nuen buruan kontzerturik ematea. Ez nuelako uste eroso sentituko nintzenik edo benetan nahi nuenik, lekua ote nuenik... diskoa bukatzen ari ginela, aurkeztu behar eta Tolosako Leidorren izan zen. Taldea eroso, eta ni taldearekin ere oso eroso, eta kontzertu gehiago ematera animatu ginen. Orain oso bestelakoa izan da. Nahiz eta zaila izan diskoa zuzenean aurkeztu nahi genuen. Tolosan aurkeztuko dugu Leidorren, baina ondotik badatoz Bilbo, Iruñea, Berastegi, eta ziur izango dela besterik. Alde horretatik pozik. Orain, badaukagu gogoa, eta neu bai sentitzen naiz nituen beldur horietatik zertxobait askeago, eta kantatzeko gogoz.

Berastegin ere baduzue kontzertua. Poztekoa izango da egoera honetan kontzertuak izatea?

Oso poztekoa eta oso eskertzeko da hainbat lekuk musikaren alde egiten dituzten apustu hauek. Alde batetik Tolosako Udalak Leidorreko antzokian kontzertuak egin eta herriko talde bati jotzeko lekua egitea eskertzekoa da. Eta Berastegi kasu, niretzat oso polita izango da. Urte asko pasa ditugu teknikari lanetan, lagunak ditut, eskualdean gaude eta etxetik gertu, baina etxe-etxean egon gabe. Oso kontzertu berezia izango dela iruditzen zait.

Erlazionatuak

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!