Titulua ikusi eta irakurtzeko gogoa sortu zait. Zergatik? Zein barne mekanismo aktibatu dizkit liburuak? Ezinbestean nerabe garaiko bizipenetara joan naiz erantzun terapeutikoaren bila. Egunero, bitan edota hirutan maitemintzen nintzen garai haietan, bide-laguna zein izango ote nuen ez nekiela, oso garbi nuen gauza bat, langilea eta euskalduna izango zela, hurrenkera horretan. Gainerako kategoriak: jatorra, zintzoa, guapoa, diruduna…, bigarren mailan zeuden. Etxean jasotako balioen ondorioz (matraka nahi baduzue), pitonisek igarri egiten duten bezala, nik banekien. Izan ere, bi premisa horiek bete ezean, edozein hautagaik izerdi-patsetan amaituko zukeen nire gurasoen auzitegiaren aurrean.
Konturatzen naiz langilea izateko baldintza hura sakralizatu eta idealizatu arte eraman nuela, eta jabetzen naiz balio horiek nire seme-alabei ere transmititzen dizkiedala. Beraz, ametitzen dut irakurketari ekin diodala nire eskema mentalak zabaltzeko.
XX. mendeko langileen aldarrikapenen artean, hasierakoetan behintzat, kontsigna boteretsu bat zegoen: zortzi ordu lanerako, zortzi ordu atsedenerako eta zortzi ordu nahi duguna egiteko. Nire ustez, orain gertatzen den bezala, garai hartan langilea izatea bat zetorren indarrean zegoen ekoizpen-ereduarekin. Hala ere, gaur ñabardura garrantzitsu bat gehitu behar dugu. Egungo merkatuaren logikatik abiatuta, eredu kapitalistan inbertsorea arriskuak eta, beraz, irabaziak hartzeko prest dagoen bezala, gizabanakook gauza bera egiten ari gara.
Norbera bere etorkizunaren jabe da eta, enpresetan bezala, arriskuak hartzeko prest egoteaz gain, bere burua saltzen jakin behar du etekinak lortzeko.
Ikuspegi horretatik, norbera bere etorkizunaren jabe da eta, enpresetan bezala, arriskuak hartzeko prest egoteaz gain, bere burua saltzen jakin behar du etekinak lortzeko. Pertsonari aplikatutako marketina gero eta hedatuago dago, norbanakoaren marka-pertsonalaren ideia, pertsonaren balio erantsia eta saltzen jakitea Curriculum Vitae-ren ohiko edukiak bihurtzen ari dira. Bizitza (gogoratu: zortzi lanordu, zortzi atseden-ordu eta zortzi neurrira), ekimen ekonomiko gisara murriztuta, produktiboa izango da edo ez da izango. Bizitza etengabeko jarduera produktibo eta kontsumitzaile bihurtu dugu. Langileak pertsonatan eta enpresak familiatan bilakaera honetan, azken moda talentua dugu. Denok dugu talentu bat barnean, utzi ateratzen! Arrakasta zeurea da, eskura daukazu, noski, zuk nahi izanez gero. Eta kontuz! Gurpil zoroari eragiteko prest bazaude…
Bizitza nola konplikatu zaigun ikustean, sarritan etortzen zait burura amonak esandakoa: «Ze nezesidade…».