ELKARRIZKETA

«Melodia bat nola eta zergatik moldatu jakiteko berehalako abilezia dudala esango nuke»

Josu Artutxa Dorronsoro 2021ko mai. 15a, 07:58
Jon Esnaola Agirre musikari eta musikagilea, Tolosan. J. ARTUTXA

Ideiak bilduz, kontzeptuei zentzua emanaz, doinuak sortuz eta obrak arrazoituz. Horrela aritzen da Jon Esnaola bere egunerokoan, eta horrela aritu da gurekin ere; erritmo ezberdineko galderei erantzunez.

Jon Esnaolak (Tolosa, 2000) uneoro ditu buruan melodiak eta erritmoak; pentsatzerako orduan ez du tacet hitza erabiltzen. Perkusioko erdi mailako zikloa egiten ari da Francisco Escudero kontserbatorioan. Aurtengoa du azken ikasturtea, eta irailetik aurrera, Musikenen konposizioko goi mailako ikasketei ekitearekin egiten du amets; horretarako, froga bat gainditu beharko du ekainean. Aurrez, ordea, 2021eko Euskal Herriko konpositore gazte onena izendatu dute; 2019an, lehiaketa berean, bakarka eta taldeka izan zen onena, perkusioan. «Jotzeaz apur bat nazkatuta amaitu dut, eta konposizioak gehiago erakartzen nau orain», aitortu du.

Euskal Herriko konpositore gazte onena zara. Zorionak!

Eskerrik asko! Oso pozik nago. Oso gutxi gara lan horretan aritzen garenak, ez baita ikasleek hautatu ohi dugun bidea izaten. Lehiaketan, adibidez, lau konpositorek hartu dugu parte, eta horietatik, bik soilik nahi dugu konposizio ikasketetan murgildu; kontserbatorioan, nire belaunaldian, ni naiz bakarra. Horregatik, apur bat pribilegiatua sentitzen naiz.

Saria irabaztea espero zenuen?

Inkognita hutsa zen. Duela bi urte, lehiaketara aurkeztu baino lehen, banekien zein zen maila; kasu honetan, aldiz, ez nekien ezta zein zen nire maila, eta are gutxiago, gainerako konpositoreena.

Euskal Herriko konpositore gazte onena izan da Jon Esnaola Agirre

Zein izan zen egin beharreko lana?

Ondorengo lau aukera hauetako bat idazteko eskatu behar zidaten: lau ahotsetako abesbatza batentzako obra bat, abesbatza eta pianoarentzako obra bat, pianorako soilik asmatu beharreko obra bat edo suite bat. Lehiaketaren egunean horietako bat egokitzen zaizu, eta beraz, ezin zara ideia zehatz batekin joan; prest egon behar duzu. Motiboa edo esaldia deituriko zatia ematen dizute, bi konpaseko melodia bat, eta hortik aurrera, sei ordu dituzu obra osatzeko, piano baten laguntzaz. Epaimahaiak, batez ere, idazteko teknika hartzen du aintzat.

Nire kasuan, hiru ordutan egin nuen dena; etxean bi ordutan osatu izan ditut obrak. Lau gauza probatu nituen pianoan, baina matematika kontuak direnez, instrumentua ukitu gabe aritu nintzen gero. Nahiko azkar idazten dut, eta alde horretatik, eskua eta burua honetarako eginak ditudala esango nuke.

Erraza izan al zen?

Zailena ez zen lehiaketa irabaztea, aurrez egin beharreko lan guztia egitea baizik. Erronka pertsonal bat izan zen; obra bat gehiago idaztera joan nintzen, besterik ez, eta emaitzak ez ninduen horrenbeste axola. Gehiago axola ninduen etxean obrak egin eta egin orduak igarotzeak. Azterketak egiten nizkion neure buruari, eta astean lau obra idaztera ere heldu izan naiz.

Zer suposatzen du bi urteren buruan lehiaketa bereko hiru kategorietan onena izateak?

Erabat pozgarria da. Hala ere, aurten jabetu naiz, musika munduan, interpreteak aintzat hartzen direla; konpositoreak, ordea, ez, eta merezi du gure lana balioan jartzea. Lehiaketaren kasuan, saria jasotako interpreteek erakustaldia egin zuten sari banaketan. Nik sortutako obra hori, ordea, ez zen interpretatu.

Zergatik izan daiteke hori?

Historikoki, konpositoreena ez da interpretearena bezain beste aitortutako ofizioa izan; idazle onak izandako musikari asko ez direlako son handiko interpreteak izan. Beethoven, adibidez, hiltzear zegoenean egin zen ezagun, eta bitartean, egurtu egin zuten. Musikari askori gertatu zaie hori. Aitortutako konpositoreen kasuan, beraiek jotzen zuten beraiek sortutakoa; interprete onak ziren, eta aldi berean, egile oso onak.

Konpositoreok, gainera, ezkutatu egiten gaituzte. Interpreteak zuk idatzitakoa jotzen du, baina zu etxean edo eserlekuetan zaude. Konpositoreak obraren parte gara, baina ez dugu aurpegia ematen, eta publikoaren zati handi batek bere aurrean dagoenaren lana bakarrik baloratzen du.

Eta zure ingurukoek baloratzen dute zure lana?

Erdi-mailako zikloan, hautazko ikasgaia da konposizioa. Obrak sortzeaz gain, elkarri azalpenak ematen aritzen gara, obra bera behar bezala ulertzeko ezinbestekoa baita arrazoitzea, armonia edo intonazio jakin batzuk zentzurik gabe sartzea ezinezkoa delako. Gainera, konposatu ahal izateko, beste arte guztiak ulertu behar dira; obra bakoitza dagokion testuinguruan kokatzen jakin behar da.

Lehen musikan soilik jartzen nuen arreta. Orain, ezin dut obrarik idatzi testuinguruan kokatu gabe eta arrazoitu gabe. Oinarri sendoagoa du horrela. Obra guztiak laguntzen ditut testu txiki batekin, arrazoiak ulertu ahal izateko. Behin testua irakurri ondoren, bestelako pentsamendu batekin entzuten duzu obra. Interesgarriena ez da obra gustuko izatea. Obra guztiek dute atzetik esanahi bat, arrazoi bat, eta hori da benetan interesgarriena. Soka luze baten parekoa da obra baten sortze prozesua; hasiera eta bukaera ditu, eta tartean, gerta daiteke korapiloren bat edo beste askatu behar izatea.

Nire ikaskideei hau guztia azaltzen diedanean, «zer ari zara esaten?» galdetzen didate, aurpegi arraroarekin begiratuz. «Harrikada ikaragarria duen konpositorea» naiz eurentzat. Guztiak instrumentua jotzen ari diren bitartean, ni idazten aritzen naiz. Irakasle askok ere ez dute nire jarrera ulertzen, eta musikari izatea errazagoa eta eraginkorragoa dela diote.

Nolako lana da konpositoreena?

Oso konplexua da. Badira obrak ondo jo, baina musikaren barrunbeak ezagutzen ez dituzten interpreteak, partitura irakurri besterik egiten ez dutenak. Beste batzuek, ordea, badakite armoniak zein bide egiten duen, ezkutuko lana ikusi eta ulertzen dute. Horiek, gutxi izan arren, musikari hobeak dira.

Zuk, oraingoz, eskua zein burua idazteko eginak dituzula diozu. Hori berezko dohaina da, edo ikasi eta garatu egiten da?

Melodia bat nola eta zergatik aldatu jakiteko berehalako abilezia dudala esango nuke. Motiboa edo esaldia ematen didatenean, hori nahiko azkar gainbegiratu eta eraldatzeko gai naiz. Oso gustuko dut melodia batetik abiatuz, zentzua eta lotura duten melodia berriak sortzea, alegia. Orkestrazioan, esaterako, bandentzat idazten hasten naizenean, melodiak zein instrumenturi ezarri behar dizkiodan pentsatzen denbora handirik galdu gabe aritzen naizela ohartzen naizenean, harri eta zur geratzen naiz. Ez naiz luzaroan pentsatzen egoten, eta buruak esaten didanaren arabera sortu eta idazten dut. Hori ikaragarria da. Blokeoak ere izaten ditut, baina horretarako daude teknika ezberdinak, horietatik ateratzen jakiteko.

2019ko saria jasotakoan, konposizioa gogoko zenuela esan zenuen. Bide hori hartu duzu behintzat.

Laugarren mailan nengoen orduan. Instrumenturen batekin entseatzen nuen bitartean, melodia ezberdinak idazten joaten nintzen, apunteak biltzen. Nire zaletasuna ideiak bildu eta sormenari eragitea zen, horrek betetzen ninduen gehien. Batzuetan, idazteari utzi behar niola esaten nion neure buruari, instrumentuak jotzeko denbora gehiago hartzeko; ikasturte amaieran, baina, mahaiaren aurrean eserita amaitu nuen, eta gauza bera gertatu zait iaz eta aurten. Behin uda iristean, apunteak hartu eta sormen lanari ekin izan diot. Buruan izan ditudan ideia eta melodiak partitura bilakatu ditut, eta hori sekulakoa da. Obra bat sortzea erditzea bezalakoa da; horregatik, sortutako obrak nire haurrak balira bezala zaintzen ditut.

«Obra bera behar bezala ulertzeko ezinbestekoa da arrazoitzea; ezinezkoa da armonia edo intonazio jakin batzuk zentzurik gabe sartzea»

Nolakoa izaten da sortze prozesua?

Ez da lan samurra, ezta azaltzeko ere. Askotan, obra bat amaitzen dudanean, ingurukoek ea nola egiten dudan galdetzen didate, baina ez dut jakiten zer erantzun. Bere horretan bizi dut prozesua, burbuila baten barruan sartuta egongo banintz bezala, amaitu arte ez bainaiz jabetzen zer eta nola egin dudan. Gauez, adibidez, lo hartzen ari naizela ideiaren bat okurrituz gero, ohetik jaiki eta idatzi egiten dut, bestela, hurrengo egunean ez naiz gogoratzen. Uneoro ari naiz ideiak biltzen, eta horietatik sortzen. Lehen, paperean idazten nuen; orain, berriz, buruan.

Ia beti, argazki, paisaia edo pertsonaia batean jartzen naiz pentsatzen. Horren arabera, kontzeptu ezberdinak melodia eta erritmoekin lotzen joaten naiz, bakoitzaren ezaugarrien arabera, pasarte txikiak sortuz. Adibidez, Mattin Labaien margolari tolosarrak oparitutako koadro batean oinarrituz, Margolana izeneko obra idatzi berri dut. Ikusitakoa deskribatzen saiatu naiz. Batetik, itsasoa dago, eta elementu latz bat izanik, melodia grabeak erabili ditut; zerua deskribatzeko, berriz, distiratsuagoak. Txillidaren eskulturatan oinarritutako bat ere badut: Luz oscura. Arte plastikoetako nahiz musikako teknikekin eta iluntasuna eta argia kontzeptuekin jolastuz idatzi nuen.

«Obra bat idaztea erditzea bezalakoa da; horregatik, sortutako lanak nire haurrak balira moduan zaintzen ditut»

Noiz idatzi zenuen lehen obra?

Kontserbatorioan nengoela, irakasleak perkusio talderako zerbait sortzea proposatu zigunean. Hamasei urte nituen eta Errail izeneko obra idatzi nuen, bi marinba eta bi bibrafonorentzat. Minimalista eta armonia errazekoa da; mugitzen doan tren bat irudikatzen du, askotariko erritmoak nahastuz. Pentsatu gabe atera zitzaidan, eta irakaslearen onespena jasotzean jabetu nintzen idazteko balio nezakeela.

Eta orduz geroztik zenbat idatzi dituzu?

Guztira, 50 bat obra idatzi ditut. Horietatik erdiak, pertsonalak dira; gainerako erdiak, berriz, proiektu txikiak. Guztien artean, Flysch izenekoa nabarmenduko nuke. Lehen obra handia izan da. Orkestrarako eta abesbatzarako sortua, 20 minutuko iraupena du eta eskuz idatzita dago. Haurra nintzela, askotan joaten nintzen Zumaiara; gainera, oso gustuko dut natura, inspirazio iturri bikaina baita niretzat.

Bestetik, badut kaxarako soilik idatzitako obra bat, Erro izenekoa, Igor Arostegiri eskainia. Euskal kulturaren sustraien inguruko lana da, gure dantzen eta bere erritmoen irudikapenez betea. Izan ere, musika bat doa dantzarekin, ezinezkoa baita fandango bat dantzatu gabe jotzea. Horregatik, arku-dantza irudikatzeko, kaxako makilak elkarren aurka jotzea pentsatu nuen; ttun-ttuna ere erabiltzen da, eskuilekin, eta zenbait unetan danbolina bezala jotzen da kaxa.

Akaso, aitonarentzat idatzitakoa da kuttunena.

Baliteke, bai. Paotxa izena duen habanera da, Errail eta gero idatzitakoa. Poliki-poliki sortu nuen, inkontzienteki. Txarangarako sortu nuen, baina gerora, obra honekin burutu nuen nire lehen orkestrazio lana. Bandarako moldatu nuen aurrena, eta orkestrarako ondoren. Alde horretatik, eskerrak eman behar dizkiot Et Incarnatus orkestrako zuzendari Migel Zeberiori, nigan sinisteagatik eta apustu egiteagatik.

Horri lotuta, esan beharra daukat, nik egindakoak direla aurtengo inauterietan Leidorren eskainitako kontzertuan Et Incarnatusek eta Los Incansables txarangak elkarrekin jo zituzten Kabila eta Praskuarena abestien moldaketak. Ekainean, Urkizun eskainiko den udako solstizio kontzertuan ere joko dira, kasu honetan, orkestrarekin bakarrik. Alde horretatik, obrak gehiago moldatzeko askatasuna izan dut, eta aurrerapen modura, aitortu nahi dut soinu bandak balira bezala entzungo direla.

Zeintzuk dira aurrera begira dituzun asmoak?

Lehenik eta behin, eta garrantzitsuena, Musikenen konposizio ikasketak burutzeko plaza lortzea. Bestelakoan, idazten jarraituko dut. Burua etengabe ari zait ideia berriak ematen. Kontzeptuak obra bilakatzen dituen igorle bat besterik ez naiz, nire ideiak melodiaz janzten dituen diseinatzailea.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!