Izan ere, iazko konfinamenduaren ondoren, lehenak izan ginen haurrekin lan egiten, eta gustura egin ere! Ez zen ohiko uda bat izan, baina haurrekin lan egiteko lehen protokoloak sortu eta gogoz ekin genion, gure ustez, haurrentzat hain garrantzitsua izan zitekeen atsedenaldi, arnasaldi hori egi bihurtzen. Esperientzia, desberdina; konpromiso eta ardura handikoa izan zen hezitzaileena, baina baita positiboa, aberasgarria eta pozgarria ere. Baina uda pasa zen, eta ikasturtea hastearekin batera etorri zen heziketa formaleko langileen osasunaren inguruko kezka, udan inork lan egin ez balu bezala, baina tira, horretara ere ohituta gaude eta aurrera jarraitu genuen. Izan ere, batzuek ez badakite ere, aisialdiko heziketan, urte guztian zehar egiten da lan. Ikasturteko programa asko daude, etorkizuneko hezitzaileak formatu, haur, gazte nahiz familientzat aisialdiko ekintzak antolatzen dira, eta beraz protokoloak egokitu eta lanean jarraitu dugu urte guztian zehar. Burbuilaz burbuila ibili dira hezitzaileak, tentuz baina gogotsu, egiten duten hori ere pasioz bizi dutelako. Txertaketa kanpaina ere hasi zen. Eta aisialdiko hezitzaileak burbuilaz burbuila, egunean bi, hiru edo lau talde desberdinetan lan egiten, duten hoberena ematen. Irakasleak, jangelako hezitzaileak, praktiketako ikasleak…. txertatzen hasi ziren, eta guk zain jarraitu genuen. Orduan konturatu ginen ordea, ikusezin izaten jarraitzen dugula; gure lan isilak, haurrengan duen eraginean sinesten dugula, baina akaso gu bakarrik garela horretan sinesten dugunak.
Orduan konturatu ginen ikusezin izaten jarraitzen dugula; gure lan isilak, haurrengan duen eraginean sinesten dugula, baina akaso gu bakarrik garela horretan sinesten dugunak
Eta honela, maiatzera iritsi gara, udako egitasmo guztiak antolatzeko ordua, eta berriz ere dena zalantzan. Haur eta gazteek ikasturtea 25 ikasleko burbuiletan pasa dute, baina udarako aisialdiko egitasmoetan seiko burbuilak egin beharko ditugula esaten digute. Zergatik desberdintasun hauek? Gu ere heziketako profesionalak gara, gure eremua informala izateak ez dio profesionaltasuna kentzen gure lanari, jende prestatua gara; inklusioa, berdintasuna, hezkidetza, talde lana... ditugu oinarri. Egiten dugun lanak haurren garapenean garrantzia handia du, horretan sinesten dugu, baina noiz sinetsiko dute gugan?