Auzoan erein, herrian hazteko

Ataria 2021ko mai. 12a, 11:59

1975ean argitaratu zen 'Auzoetxe' aldizkariaren 0 zenbakia; orain, hiruzpalau kaleratzen dituzte urtean; 'online' plataforma bat sortzea da hurrengo asmoa, bazkide berriak lortzeko.

Hilabete honetan, 47 urte bete dira Amarozko guraso elkarte batek, auzoaren inguruko berriak jorratzen dituen Auzoetxe aldizkariaren 0 zenbakia argitaratu zuenetik. Idazmakinarekin dozena erdi bat testu idatzi eta lau orri betetzea lortu zuten. Orduz geroztik, erabateko eraldaketa izan du proiektuak. «Gehiegi pentsatu gabe hasi zena, zerbait landua da orain, kalitatezko irudiekin, guztiz koloretan», nabarmendu du Iñigo Cabieces aldizkariaren egungo koordinatzaileak.

Proiektuak izan duen errelebo aldaketa da eraldaketa horren jatorrietako bat. «Adineko bizilagun asko daude auzoan, horietako asko gainera, urte luzez aritu dira aldizkaria kaleratzeko lanetan. Hala ere, ezinezkoa da horiek zituzten baliabide eta teknologia ahalmenak guk ditugunekin alderatzea. Gu prestatuago gaude», esan du auzotarrak, eta ondorengo adibidea jarri du: «Lehen, marrazkiekin ilustratzen zen aldizkaria; orain, ordea, kamera profesionalekin ateratako argazkiak erabiltzen ditugu».

Hiruzpalau zenbaki argitaratzen dituzte urtean. Abenduan kaleratutakoa izan zen Cabiecesek koordinatu zuen lehena, 134.a. Apirilean atera zuten azkena, 135.a. «Auzo txiki bat gara eta boluntario modura egiten dugu lan. Beraz, oso zaila da hiru hilean behin kalitatezko materiala lortzea. Azken bi aleen artean, ordea, salto kualitatiboa erabatekoa izan da; haustura bat nabari da».

Gaur egun, auzo elkarteak eta udalak duten hitzarmenari esker lortzen da aldizkaria ordaintzea. «Publizitateari dagokionez, adibidez, proiektua ia osorik autofinantzatzeko laguntza jasotzea lortu dugu azken urteetan. Aldizkariaren gastu erdiak publizitatearen bitartez ordaintzea zen 2021erako ezarri genuen helburua, eta neurri handi batean, lortu dugu. Auzotar guztiok ordaintzen dugu produktua, baina hori aldatzea nahiko genuke; auzotarrek sortua izatea nahi dugu, baina herritar ororentzat egina».

GAIAK PROPOSATZEKO AUKERA

Auzoko gertaerak edo auzoarekin lotura duten gaiak jorratzen dituen aldizkaria da Auzoetxe. «Lehen ez dakit nola aukeratzen ziren gaiak. Orain, aldiz, gai nagusi bat lantzea erabaki dugu, eta ez du zertan auzoarekin zerikusirik izan behar». Ekainean kaleratuko duten 136. zenbakian, trans legea izango da. «Pedagogia egiteko eta hausnartzeko moduko gaiak behar ditugu; gizarteak hori eskatzen du».

Dozena erdi bat lagunek osatzen dute aldizkariaren lan-taldea. «Lehenik gaiak aukeratzen ditugu; gero, sarean biltzen ditugu testu eta argazki guztiak, orrika sailkatuta; azkenik, diseinatzaileari helarazten dizkiogu, aldizkaria txukun osatu dezan». Cabiecesentzat «erronka handia» izaten da koordinazio lana, eta gaiak taldean hautatu arren, gogoratu du ateak zabalik dituztela auzotarrentzat. «Edonor libre da gugana etorri eta proposamenak egiteko».

Behin aldizkaria osatu eta argitaratu ondoren heltzen da banaketaren unea. 700 ale baino gehiago kaleratzen dituzte, eta ia guztiak auzoko etxeetara, Usabal inguruko baserrietara eta San Blas auzoko etxeetara banatzen dituzte. «Horrez gain, udal eraikinetara, hedabideetara nahiz ostalaritza establezimenduetara ere banatzen da. Nahi duenak irakurgai izaten du edozein tokitan», gaineratu du Cabiecesek.

IRAKURLE BERRIEN ATZETIK

Auzo-etxe eraikina berritzeak, auzoko giroa aldatu duela nabarmentzen du koordinatzaileak. «Animo berriak igerri dira auzoan; aurrerantzean, gainera, kultur batzordea izatera igaroko da aldizkari batzordea».

Auzotarrek sortutako aldizkaria izanik, amaroztarrak informatzea da helburua. Hala ere, eta gai sozialak lantzen dituztela arrazoituz, pixkana, herri osora hedatzeko asmoa dutela adierazi du Cabiecesek. Horri lotuta, online plataforma bat sortzeko lanean dabiltza, bazkideak lortzeko helburuarekin. «2022rako prest egotea nahiko genuke. Urtean kuota finko bat ordaindu beharko luke bazkide bakoitzak, etxean aldizkaria jasotzeagatik».

Datozen urteetara begira, herri guztira heltzea «zerbait handia» litzakeela aitortzen du Cabiecesek. «47 urte igaro dira eta ez genuen uste gaur egun duguna lortuko genuenik. Orain, bazkidetza kanpainari ekin nahi diogu, herritarren erantzuna ikusteko, interesa izan dezaketenen kopurua jakiteko. Urte batzuk barru, akaso, herriko auzo gehienetako etxe bakoitzera heltzea izan daiteke helburua».

Halaber, argi du aldizkaria auzoan dagoen mugimenduaren isla dela. «Auzotarrek markatutako erritmora doa eta auzoari esker lortzen dugu argitaratzea. Batetik, proiektuaren ikatza den belaunaldia dago, motorra mugitzen duena, alegia. Eurek egindako lanari esker gaude gauden tokian». Makina horren jarduna inoiz ez geldiarazteko, ordea, Cabiecesen ustez, «beharrezkoa» da auzotar berrien bultzada. «Bizirik mantendu nahi den auzo baten motorra da aldizkaria. Gazteon lana, ordea, ez da aldizkaria aurrera eramatea, auzoa aurrera eramatea baizik. Pasiboki bizitzetik, beharrak aldarrikatzera igaro behar dugu, bertan bizi ahal izateko kalitatezko auzo bat nahi dugulako».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!