Ikasleek memoria historikoa landuko dute

Tolosaldeko Ataria 2021ko mai. 12a, 07:58

Aranzadi Zientzia Elkarteko historialariek Tolosako Orixe ikastetxeko ikasleekin tailer didaktikoak egingo dituzte.

Tolosako Orixe ikastetxeko bigarren hezkuntzako ikasleek 36ko gerran errepresaliatutako emakumeek jasandako giza eskubideen urraketak ikertuko dituzte, Kultura Eskola programari esker. Programa hori, Gipuzkoako Foru Aldundiaren kultura departamentuak jarri zuen abian, eta Aranzadi Zientzia Elkarteak zuzentzen duen ondareari eta memoriari buruzko unitate didaktikoa biltzen du.

Kasu honetan, tailer didaktiko hauen ardatza, 36ko gerra eta haren ondorioak bizi izan zituzten pertsonen, eta, bereziki, emakumeen bizitza erreala ikertzea izango da. "Protagonisten dokumentazio pertsonala, ofiziala eta historikoa oinarri hartuta, emakume haiek jasandako giza eskubideen urraketak ikertu beharko dituzte ikasleek saio horietan", azaldu dute Aranzadi elkartekoek. "Preso politikoen, judizioz kanpo exekutatutako pertsonen, epaiketa sumarisimo baten ondoren exekutatutakoen, langileen batailoian egondako pertsonen edo tratu txarrak eta umiliazioak jasan zituzten emakumeen aztarnari segika" ibili beharko dute programan parte hartuko duten ikasleek.

Artxiboak, dokumentuak, gutunak, elkarrizketak eta beste hartu beharko dituzte kontuan, ondoren, pertsona haietako bakoitzari buruzko txosten ofiziala idazteko. "Ikerketa horietan lortutako datuak aurkezteko eta giza eskubideen urraketari eta etorkizunari buruz gogoeta enpatikoarekin amaitzeko gai izan beharko dute", argitu dute.

Aranzadiko historialariak izango dituzte gidari ikerlanak aurrera eramateko, eta kasu bakoitza bere testuinguru historikoaren arabera kokatzen lagunduko diete gidari horiek. Maiatzean eta ekainean zehar egingo dituzte saioak ikastetxean bertan.

Programari buruz

Kultura Eskola Gipuzkoako Foru Aldundiaren Kultura sailak bultzatutako programa bat da. Helburu nagusia 12 eta 16 urte bitarteko gazteak garatzen doazen zaletasun eta interesen arabera, jarduera kultural eta artistikoa kokatzea da, sentsibilitate eta irizpide artistikoa sortzea, eta baita ikuspegi kritikoa garatzen laguntzea ere.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!