T3T eta T2T mendi lasterketak 2021

T3Tko antolatzaileak aurrera doaz probarekin, "zirt edo zart"

Ataria 2021eko maiatzaren 12a

Orain bi urte egindako probaren une bat.

Ekainaren 23an egingo da aurten Tolosaldeko 3 Tontorrak proba, eta talde antolatzaileak zalantzak zituen ekitaldia aurrera ateratzeko aukera izango ote zuten. Ordu asko pasa dituzte "hausnarketan eta galdeketan laguntzaile, babesle, aditu, eta bestelakoekin", eta azkenean aurrera egitea erabaki dute.

Aurtengo ekitaldia "zinez berezia" izango dela badakitela azaldu dute antolatzaileek, eta bere  eskuetan dagoen guztia egingo dutela esan dute, "urtero moduan ahalik eta lasterketarik gogoangarriena" aurrera eramateko. "Ez dakigu, benetan ekainaren 13an zein egoera egongo den, baina argi daukaguna zera da, gure esku ez dagoen erabakiren bat izango dela aurtengo ekitaldia ez ospatzearen arrazoia", zehaztu dute.

Aldaketak egongo dira aurten, dortsalak jasotzean, irteeran, anoa postuetan, amaieran, kontsignan… eta guztiek "ahalik eta zorrotzen" bete beharko dutela araudia jakinarazi dute. Datozen asteetan informazio eta xehetasunak igortzen hasiko dira antolatzaileak: "Oso zorrotzak izango gara eta ez da bigarren aukerarik emango".

Bere mezua parte hartzaileei zuzenduz bukatu dute: "Ekainaren 13an ikusiko gara, zuek bitartean entrenatzeaz eta informazio eguneratua ondo ikasteaz arduratu, dortsalak jasotzerakoan hasiko baita aurtengo berrikuntzarik garrantzitsuenetariko bat".

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!