Irristaka taldekoek «harro egoteko» emaitzak lortu dituzte

Tolosaldeko Ataria 2021ko mai. 12a, 19:58

Irristaka taldeko infantil eta jubenil mailako sei patinatzailek parte hartu dute Iruñean jokatu den Espainiako txapelketan.

Gasteizen jokatutako Euskadiko Txapelketan Irristaka taldeak emaitza «oso onak» lortu zituen, haur eta gazteen kategorietan. Gipuzkoako eta Euskadiko Pista eta Zirkuitu Txapelketan guztira 32 domina lortu zituzten Irristaka taldeko patinatzaileek, eta seik Espainiako txapelketetara pasatzea lortu zuten: Ximon Villalobos, Julen Urkizar, Oier Alonso, Marta Garcia, Ekhi Civico eta Jon Urkizarrek.

Taldeak «ontzat» jo ditu pasa den asteburuan Espainiako txapelketan lortutako emaitzak, kontuan hartuta, lehen parte hartzea izan dutela haurren eta gazteen kategorietan.

Infantil eta jubenil mailako Estatuko Zirkuitu Txapelketak Iruñean jokatu ziren maiatzaren 8an, eta hamaika federaziotako 39 klubetako 226 patinatzailek parte hartu zuten. Nafarroa izan zen parte hartzaile gehien zituen federazioa (61), ondotik Valentzia (37), Asturias (35), Madril (22), Katalunia (19), Galizia (12), Aragoi (11), Gaztela eta Leon (11), Andaluzia (9) eta ordezkaritza zuten adingabeen artean, euskal federazioa izan zen partaide gutxienekoa: 7. Horietatik sei Irristaka taldekoak izan ziren. «Lehen parte hartzean oso ondo defendatu dute haien presentzia», adierazi dute taldetik, eta azpimarratu dute, maila horietan, sailkatuak Espainiako abiadura lasterkari handienekin lehiatu zirela.

Lehen jardunaldia Antoniuttiko zirkuitu itzel batean izan zen, «bero itogarriarekin», argitu dute. Hala ere, Jon Urkizarrek hamaikagarren postua lortu zuen 5.000 puntuko proban, eta Ximon Villalobosek hamalaugarren postua 8.000 puntuko proban.

Bigarren egunean, eguraldi txarra izan zuten, eta izotz haize bati lotutako etengabeko euri baten azpian lehiatu behar izan zuten patinatzaileek. Kanporatze proba luzeak egin zituzten Ardoi industrialdean: «Baldintza horietan patinatzeak ez zituen gure kideak gogogabetu, eta Jon eta Julen Urkizar anaiek 9. eta 15. postua lortu zuten, kategoria bakoitzean». Aipagarria da, halaber, Irristakako gainerako partaideek, Ekhi Civico, Oier Alonso eta Marta Garciak, egindako «lan ona». «Han egon izana, onenekin batera, harro egotekoa da Tolosarentzat», esan dute taldetik.

Gipuzkoan kirol modalitate hori egiteko instalaziorik ez izateak ere, are eta balio «handiagoa» ematen die emaitza horiei: «Gure talde tolosarrak Uzturpe kiroldegia bakarrik du bere entrenamenduak egiteko».

Bukatzeko, aurreratu dute Euskadiko Txapelketetan parte hartze «oso ona» egin ondoren, hilaren 22an, Senior Txapelketa Nazionala jokatuko dela, eta bertan parte hartuko duela Irristaka taldekoa den Ibai Gabarainek.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!