Gazte auzolandegiak izango dira aurten ere, Uzturreko putzuetan

Tolosaldeko Ataria 2021ko mai. 12a, 19:06

Bi txanda izango dira, ekaineko azken astean eta uztaileko bigarrenean. Ekainaren 4 baino lehen eman behar dute izena 12 eta 17 urte bitarteko gazteek.

Tolosako Udalak, Gazte Topagunearekin elkarlanean, urteak daramatza Santa Luzia auzotik Miserikordia zaharrera doan bideko eremuan txukunketa lanak egiteko Gazte auzolandegiak ekimena antolatzen. Aurtengo udan ere, Uzturre magaleko putzuetan auzolanean aritzeko aukera izango dute 12 eta 17 urte bitarteko gazteek.

Bi txanda egingo dituzte: ekainaren 28tik uztailaren 2ra bitarte eta uztailaren 5etik 9ra bitarte. Bietan ere, goizez (9:30-13:30) ariko dira lanean. Zehazki, putzuen inguruan harlauzak jarriko dituzte, uretatik irten eta inguruetan sortzen den lokatza ekiditeko. Jubilatu talde bat ere ari da Miserikordia Zaharreko atsedenleku inguruan lanean, eta haiei laguntzen ere arituko dira gazteak.

Dagoeneko zabalik da auzolandegietan parte hartzeko izen emate epea, ekainaren 4era bitarte. Aurrematrikula besterik ez da, plaza mugatuak egongo dira, eta beraz, izena emateak ez du parte hartzea baieztatzen. Tolosako Udalaren webgunean bete behar da eskaera-inprimakia; horrekin batera, gurasoen baimenaren inprimakia ere bete behar da. Gero, izena ematen duten guztiekin harremanetan jarriko da auzolandegietako arduradun bat. Informazio gehiago nahi duenak, gazteria@tolosa.eus helbidera mezua bidali edo 605 706 937 telefonora deitu behar du.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!