8 metro kubiko hondakin bildu dituzte Oria ibaian

Ataria 2021eko maiatzaren 11

Maiatzeko lehen astean gauzatu zuen garbiketa Gipuzkoako Arrantza Federazioak, Napar zubiaren eta Zuloaga auzoaren arteko eremuan. 

Martxoaren amaieran, Uraren Nazioarteko Egunaren harira, Tolosako Ingurumen Zentroarekin eta herriko ikastetxeekin elkarlanean, Oria ibaiaren lehen garbiketa gauzatu zuen Tolosako Udalak. Maiatzeko lehen astean, berriz, Gipuzkoako Arrantza Federazioaren txanda izan zen, eta bigarren aldiz garbitu zuten ibaia.

Guztira, 8 metro kubiko hondakin bildu dituzte aste batean, eta 60 orduko iraupena izan dute lanek. Garbiketa lanak Napar zubi ondoko presatik Zuloaga auzora bitarteko eremuan gauzatu dituzte lanak, eta batez ere, plastikozko botilak eta supermerkatuetako karroak aurkitu dituzte ibaian. Bestalde, txakur-gorotzen poltsa ugari ere bildu dituzte.

Udalak, Arrantza Federazioaren lana eskertzeaz gain, ingurua zaintzeko deia eta gizalegez jokatzeko eskaera luzatzen dizkie herritarrei. "Erreka garbiketan bildu diren hondakinak eta sortzen ditugun hondakin guztiak dagozkien edukiontzi edo zaborrontzian utzi behar dira, eta, jakina, ez dira ibaira bota behar. Guztion ardura da ingurumena eta natura zaintzea eta errespetatzea", adierazi dute udaletik.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!