Peña II _ Binakako Finala 2021

«Txapelketa hau jokatzea niretzat oso aberasgarria izan da»

Imanol Garcia Landa 2021ko mai. 10a, 19:59

Binakako Pilota Txapelketa bukatuta, pilotari hobea da Jon Ander Peña tolosarra, eta bere asmoa hazten jarraitzea da. Albisuk eta berak ezin izan diote aurre egin Elezkano II.ari eta Zabaletari Bizkaia frontoian jokatutako finalean.

Binakako Pilota Txapelketaren finala galtzeagatik triste egon arren, Jon Ander Peña (Tolosa, 1997) aurrera begiratzeko gogoz dago. Orokorrean, gustura dago egindako txapelketarekin, eta ez du atseden asko hartzeko aukerarik izango, asteburuan buruz buruko txapelketan murgilduko delako.

Nola pasa duzu finaleko gaua eta nola esnatu zara?

Lo handirik ez dut egin. Horrelako tentsioa duten partidak eta gero ez dut lo ondo egiten normalean. Gaur [atzo] lo gutxi eginda esnatu naiz, baina atzo [herenegun] baino amorru sentsazio gutxiagorekin behintzat.

Partida ikusteko aukera izan duzu?

Ez, oraindik ez dut ikusi. Ikusiko dut, baina ez dut aukerarik izan.

Partidak errepasatzeko ohitura izaten duzu?

Bai, normalean nire partida guztiak ikusten ditut. Gaizki aritzen naizenean gauzak zuzentzeko, eta ondo aritu naizenean zer errepikatu behar den ikusteko.

Egun bat pasa ondoren, nola duzu gogoan finala?

Gu oso entxufatuta sartu ginen partidan, baina gero Albisuk eskuetan arazo handi bat izan zuen, mina zuen, eta ezin izan zion partidari eutsi. Zabaletak ikaragarri eman zion, eta eskua justu edukita bederatzitik jotzea ezinezkoa da, iltzea bezala sartzen da. Beraiek bigarren partean gu baino askoz gehiago izan ziren, bai aurrean eta bai atzean, eta horregatik emaitza hori.

Albisuk eskuan hartutako minak, beraz, zerikusia izan zuen azken emaitzan.

Nik uste dut baietz. Hasieran ikusten zen Zabaletak oso indartsu jotzen zuela, baina Albisu berari kontra egiteko zegoela, oso ondo jokatzeko prest zegoela, eta oso zaila da eskua gaizki edukita pilotan aritzea eta Jose Jabier bezalako baten kontra are gehiago.

Izan ere, Zabaleta handi bat ikusi genuen beste behin.

Bai, dudarik ez dago. Eta Danel [Elezkano] handi bat ere bai. Nik uste dut bikote oso egonkorra egin dutela txapelketa guztian zehar. Erabat merezitako garaipena lortu zuten atzo [herenegun] eta beste behin erakustaldi bat eman zuten: lautik pilota jotzen duen bakoitzean errebotera jotzeko gaitasuna du, eta horrela dagoen pilotari bati aurre egiteko ehuneko ehun eta berrogeita hamar egon behar duzu.

Pilotakada jaso zenuen bizkarrean, baina ez zizun eragin handirik sortu ondorengo tantoetan.

Ez, kalkomania bat badut bizkarrean, baina ez dut inongo arazorik.

Zer sentsaziorekin geratzen zara finala eta gero?

Partida bukatu zen garaian Jon Ander nahiko triste ikusten nuen, dena eman du aurten txapelketa honengatik, finalean nahi bezala ezin zuen aritu, eta esan nion burua altxatu behar zuela, txapelketa ikaragarria egin zuela eta bion artean bikote ona egin genuela. Oraindik urte oso onak ditu, izugarrizko mailan dago, eta seguru iritsiko zaiola txapela.

Zure lehenengo txapelketa izan da lehen maila. Gustura egin duzun txapelketarekin, noski.

Bai, hala da. Enpresak aukera eman zidan hasieratik eta niretzako ikaskuntza oso ona izan da. Ez da berdina promozio mailan ala lehen mailan aritu, eta txapelketa hau jokatzea niretzat oso aberasgarria izan da. Emandako mailarekin gustura nago. Uste dut emandako aukera aprobetxatu dudala, eta hemendik aurrera ilusioz nago hobetzen joateko, egunero lan pixka bat gehiago egiteko, eta ea hemendik aurrera pilotari hobea bihurtzeko gai garen.

Lehen finala izanik lehen mailan, ez zinen urduri jarri.

Ez, hasieratik oso ondo sentitzen nintzen, gorputzez fresko, eta nik uste dut ikusi zela aurreneko tantoetan oso libre nengoela. Horrelako partidetan garrantzitsua izaten da ondo berotu eta ondo hastea, eta ondo hasi ginen. Gero ezin izan genuen eta triste horregatik, baina uste dut nirea ematera atera nintzela, beldurrik gabe, eta alde horretatik harro egoteko moduko txapelketa egin dut.

Albisurekin lasai hitz egiteko aukera izan duzu?

Aukerarik ez dugu izan, baina egunotan egongo gara elkarrekin, elkarrekin entrenatzea tokatzen zaigu eta. Albisu on puska bat da, nik berarekin harreman oso ona egin dut txapelketa honetan. Orain egun batzuetan triste egongo da, baina seguru segituan buelta ematen diola eta txapelketa guztian izan duen maila berriro emateko gai izango dela. Eta esan nion, aurrera egin behar dela, ikaragarrizko txapelketa egin duela eta iritsiko zaiola merezi duen txapela.

Zure gertukoen animoak jaso ahal izan zenituen, bai Tolosatik ateratzerakoan, bai pankartarekin Bizkaia frontoian...

Oso pozgarria da egunerokotasunean zure inguruan dauden pertsonak herritik ateratzerakoan horrelako babesa ematea, eta gero herrira bueltatzerakoan ere gauza bera gertatu zen. Asko eskertzen diet familiakoei eta lagunei, azken finean egunero nire ondoan egoten diren pertsona horiei, eta atzokoa [herenegun] oso polita izan zen.

Eta, orain, ia atsedenik hartu gabe, buruz burukoa dator.

Nik erabakia hartu dut gaur eta bihar [atzo eta gaur] atseden hartzeko, azkenean hilabete asko dira txapelketa honetan, buruz ere nekatu egiten du, eta bi egun ezer egin gabe ez doaz inora. Badakigu asteburu honetan dugula buruz burukoa, baina lau-bost egunetan gure maila ez dugu asko aldatuko. Ez dut denbora ondo prestatzeko, baina ideiak garbi izanik joatea oso garrantzitsua izango da. Ilusioz gainezka ere joango gara. Uste dut txapelketa interesgarria dela niretzako, eta ea maila ona ematea lortzen dugun.

Bigarrengo parte hartzea izango da zuretzat buruz buruko lehen mailan. Horrek erakusten du zure lekua hartzen ari zarela lehen mailan.

Aurreko urtean lehenengo kanporaketan sekulako pasara jaso nuen, eta hori normala izan daiteke. Maila horretan dagoeneko final zortzirenetan sartzen gara eta pilotari oso onak daude, eta tokatzen zaidana tokatzen zaidala, oso lan zailak izango ditut. Frontoiko lan gutxi eginda, baina ideiak garbi izanik joaten saiatuko naiz eta ahal dudan maila onena ematen ere bai.

Buruz bururako dohainak dituzula esan daiteke.

Dohainak bai, baina buruz burukoa ematen duena baino zailagoa da, kontuan izanik gaur egun oso anarkikoa dela. Airez asko jokatzen da, sakez min asko egiten da, edozeinek sekulako aberia egin dezake, zuk ere bai, baina uste dut oso modalitate zaila dela. Dohainak ditudala ikusten dut, baina sekulako partida egin beharko dut aurreneko kanporaketa irabazteko.

Jokatu duzun binakakoak zerbaitetan lagunduko dizu.

Bai, horrelako jarraipen batek psikologikoki eta taktika aldetik mailaz igotzen laguntzen dizu. Ez dut batere denborarik buruz burukoa prestatzeko, eta ez da broma hor dauden pilotariekin buruz burukoan lehiatzea. Binakako txapelketak erakutsi dit ideiak garbi izateak ikaragarri balio duela, eta asteburuan nire asmoa horixe izango da, ideiak garbi izan, ahalik eta akats gutxien egin eta partida aurrera ateratzea badago, hobe.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!