Peña II _ Binakako Finala 2021

Jon Ander Peña: "Txapelketa guztia hartu behar dut kontuan"

Ataria 2021ko mai. 9a, 20:43

Triste agertu dira Jon Ander Peña eta Jon Ander Albisu prentsa aretora, finala galdu ondoren. Aurkariei lan gehiago emango zietela espero zuten.

"Tristura handiarekin" daudela azaldu du Peñak prentsaurrekoa hasterakoan. "Irabaztera joan gara, eta oso ondo hasi gara partidan, ondo sartu gara, baina seigarren tantoaren ondoren besteak askoz gehiago izan dira". Bai aurrean zein atzean, gorriak nagusitu direla gaineratu du Peñak. "Zorionak ematea besterik ez zaigu geratzen". Albisuk bat egin du Peñak esandakoarekin: "Ondo hasi gara, baina gero beraiek beste martxa bat sartu dute, eta nik ezin izan diot Jose Jabierri [Zabaletari] aurre egin". Lan gehiago eman nahi zioten txapeldunei, baina ez dute lortu. Zabaleta sekulako mailan dagoela azaldu du Albisuk, eta berak jartzen duela partidaren erritmoa. "Hurrengo urtean saiatuko gara berriro ere hemen egoten".

Partidan zehar Peñak pilotakada jaso du, baina ez diola gero partidan zehar eragin handirik egin azaldu du: "Leku txarrean jo dit, baina ez da izan kolpe handia eta segituan pasa zait. Ez da aitzakia izan falta zena jokatzeko". Ilusio handiarekin bizi izan duela egun guztia esan du Peñak: "Jaiki naizenetik kilika sentitzen nuen gorputzean. Ondo berotu dugu eta partidan ondo hasi gara, baina besteak gehiago izan dira. Txapelketa ikaragarria egin dute".

Pilotari tolosarrak garbi du, finala galdu arren, txapelketa guztia hartu behar duela kontuan, eta Albisuri eskertu dio egin duen txapelketarengatik. "Elkarrekin lau hilabete egon gara eta niretzako ikasteko oso ona izan da". Orain triste daudela berretsi du Peñak, baina hemendik egun batzuetara egin duten txapelketa onaz jabetzeko aukera izango dutela.

Hurrengo astean buruz buruko txapelketan murgilduko da Peña. "Tokatzen dena tokatzen dela sekulako erronka izango da, oso pilotari onak daudelako. Gutxi prestatuta joango naiz, oraindik ez naizelako hasi, baina ilusioz joango naiz eta espero dut gerra ematea".

Txapeldunak, bere aldetik, oso pozik agertu dira prentsa aretora. Zabaleta ez da gustura geratu egin duen hasierarekin, eta Elezkanok eutsi diola azaldu du. "Berak sartu nau partidan, eta gero bigarren zatia oso ona egin dugu biok". Asko hunkitu da Zabaleta finala irabazterakoan: "Momentu berezia izaten da, eta asko oroitzen naiz hemen ez daudenekin". Elezkanori zein Zabaletari "sekulako ilusioa" egin die elkarrekin txapelketa irabaztea. Txapelketan zehar bezala, finalean ere bikote bikaina osatu dute.

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!