Sakea urdin, finalean zegoen eskualdeko ordezkari bakarrarentzat. Txapelketako sakatzaile onenaren eskuetan zegoen bikote gipuzkoarrak aukeratutako pilota; hala ere, kamuts aritu dira lehen tantoan, eta pilota txapa azpira bota du Peña II.ak. Hurrengo bi tantoetan, ordea, tolosarrak txapa gainean bikain eta gozo utzitako bi pilotei esker, aurretik jartzea lortu dute urdinek, abiadura handiko partida hasieran: 2-1.
Hurrengo tantoak landuagoak izan dira. Hala ere, urdinek pilota hobeto mugitzen asmatu dute, eta Zabaletak txapa gainean jartzerik izan ez dituen bi pilotei esker, lehen alde txikia zabaldu du Baikoko bikoteak: 4-2.
Zortzigarren tantoa izan da ordura arteko gogorrena eta onena. Gorriek menderatuta zuten tantoa; Zabaleta agintzen ari zen, baina Albisuk defentsako lan bikainari esker, tantoa gipuzkoarren aldera eramatea lortu du, eta azkenean, Peñak gantxo bikain batekin amaitu du jokaldia: 5-3, urdinen alde. Hurrengoa ere maila handikoa izan da, Albisuk zabaletik zabalera egindakoa: 6-3.
Zabaletaren ahala
Finala kolore urdina hartzen ari zela zirudien. Lehen tanto horietan, gainera, gorrien kalterako, Zabaleta izan da protagonismo gutxien izan duen pilotaria. Hala ere, berehala berpiztu da etxarrendarra, eta partida irauli du, erritmoa bizituz. Pilotari abiadura eta indar ikaragarria ematen hasi da, Albisuri bizkarra erakutsiz, eta Elezkano ere gehiago sartu da jokoan; ataundarra ezinean ari zen, zazpigarren koadrotik atzera, eta tarte horretan hainbat tanto galdu ditu. Bederatzi tanto egin dituzte errenkadan gorriek, lehen atsedenaldi luzearen aurretik: 12 eta 6.
Atsedenalditik bueltan ere, norabide berarekin jarraitu du partidak. Urdinek ez dute lortu gorriei kilimarik egitea, eta Aspekoek segituan egin dituzte bi tanto gehiago: 14-6. Ondoren heldu da, ordea, urdinen zazpigarrena, esperantza izpi txiki bat ekar zezakeena, Zabaletak hirugarren koadrotik jo, eta ezker horman txapaz gora botatako pilotari esker.
Hurrengo tantoa, baina, gorrien aldekoa izan da, Albisuk galdutakoa. Eta horren atzetik, beste hiru ere txapeldunentzat; bat, Albisuren pilotakadak Peñaren sorbaldan jo duena (susto txiki bat izan da, jokatzen jarraitu ahal izan duelako tolosarrak); bestea, ataundarrak berak txapa gainean jarri ezin izan duena; eta hirugarrena, Zabaletak gaurko finalean erreboteraino botatako lehen pilotakadari esker egindakoa: 18 eta 7; alde handiegia bigarren atsedenaldi luzean ere.
Elezkanoren errematea
Lan isila egiten duen pilotaria da Elezkano. Gaurko finalean asko agertu beharrik izan ez arren, bera izan da azken tantoetako zuzendari. 19 eta 7koan, txokoan bikain utzi eta Albisuk txapa gainean ezin jarri; 20. tantoan, Peñari atzeraka joatera behartu eta tolosarrak zabalera bota du pilota; 21.a, berriz, Zabaletak errebotera botatako bigarren pilotakadari esker lortu dute txapeldunek.
Azken tantoan ere, aurkariak egurtu dituzte irabazleek. Peñak eta Albisuk ezin izan dute ezer egin, ez tantoaren abantaila hartu, ezta tantoa bukatu ere. Zabaletak jo, Albisuk itzuli, Elezkanok txokoan utzi eta Peñak ezin altxa: 22 eta 7, Elezkano II.a-Zabaleta bikotea txapeldun.
Malkoei eutsi ezinik
Bigarren txapela izan da aurrelari zaratamarrarentzat; hirugarrena, berriz, atzelari nafarrarentzat. Biak ere, erabat hunkitu dira partida amaitu berritan. "Izaera aldetik nahiko lasaiak gara, baina gure momentu txarrak ere izan ditugu. Bikote bezala oso ondo jokatu dugu eta oso pozik gaude horregatik", esan du Elezkanok partida amaitu berritan. Partida ikusten egon izan ezin duten senitartekoekin ere gogoratu da Aspeko pilotaria.
Berarekin egunero dauden horiei eta senitartekoei eskaini die txapela Zabaletak. Erabat hunkituta agertu da mikrofonoaren aurrean. "Uneoro ditut buruan aita, lehengusina eta osaba. Lagun ugari izan dira momentu zailetan ondoan izan ditudanak, eta ikaragarri lagundu naute. Akats batzuk egin ditut, baina Danelen laguntzari esker lortu dugu finala irabaztea".
Peña II.ak eta Albisuk ezin izan dute euren lehen finalean garaipena lortu. Txapelketa bikaina egin ondoren lortu dute finalera heltzea, baina gaur ez dute aurkariei min egiteko aukerarik izan. Tolosarrarentzat, gainera, estreinako parte hartzea izan da binakako txapelketan. Nabarmentzekoa izan da, gaur, Peña II.ak ez duela sakearekin min egitea lortu.
Txapelak, dronez
Sari banaketan heldu da finaleko irudi bitxiena. Txapeldunei jarri beharreko txapelak, dron bidez iritsi zaizkie Elezkano eta Zabaletari. Eurek hartu dituzte bi garaikurrak; aurrelariak atzelariari jarri dio txapela, eta gauza bera egin du atzelariak aurrelariarekin. Bestalde, Zabaletarentzat izan da ETB-k babestutako Urrezko Eskua garaikurra, txapelketako pilotari onenarentzako saria.
ESTATISTIKAK
Egindako tantoak: Elezkano II.ak, 7 (sakez, 1); Zabaletak, 5; Peña II.ak, 3; Albisuk, 1.
Galdutako tantoak: Elezkano II.ak, 1; Zabaletak, 2; Peña II.ak, 4; Albisuk, 6.
Pilotakadak: 381.
Iraupena: 47 minutu eta 50 segundo.