Bi pertsona atxilotu dituzte Tolosan, establezimendu batean lapurtzeagatik

Tolosaldeko Ataria 2021ko mai. 7a, 09:14
Ertzaintzak atxilotuetako baten etxean aurkitutako su-arma.

Tolosan bi pertsona atxilotu dituztela jakinarazi du Ertzaintzak. Esan duenez, astelehen arratsaldean establezimendu batean indarkeriaz lapurreta egin zuten eta lokaleko arduraduna zauritu.

Lapurreta astelehen arratsaldean izan zela esan du Ertzaintzak eta gertakariaren berri izanda, ordu batzuk lehenago janari-denda batean egindako lapurretarekin zerikusia zuten bi pertsona atxilotu zituen.

Ertzaintzak azaldu duenez, lapurretan indarkeria erabili zuten saltzailearen kontra, eta buruan zauriak egin zizkioten eta esku bateko hatz bat hautsi zioten, ondorioz ospitalera eraman behar izan zutelarik. Lapurrek dirua, bi telefono mugikor, tablet bat eta bi disko gogor lapurtu zituztela azaldu du ere.

Ertzainek lapurretarekin zerikusia zuten bi gizon atxilotu zituzten Tolosan astelehenen arratsaldean bertan, eta bi atxilotuei saltokiko lapurretarekin erlazionatutako objektuak aurkitu zizkieten. Atxilotuak polizia-egoitzara eraman zituzten zegozkion eginbideak hasteko, Tolosako epaitegietara eraman aurretik.

Gertakariak ikertu zituztenean, agenteek jakin ahal izan zuten dirudienez su-arma bat erabili zutela atxilotuek, eta ikertzaileek, beraz, atxilotuetako baten etxean sartu eta miaketa egiteko zegokion agindua eskatu zioten epaitegiari. Etxean sartu eta, Ertzaintzako Txakur Unitatearen laguntzaz, miaketa egin zutenean, kalibre txikiko su-arma bat eta lokaletik lapurtutako telefono mugikor bat aurkitu zituzten. Polizia-eginbideak amaitu ondoren atxilotuak agintari judizialaren eskuetan jarri zituzten Tolosako Guardiako Epaitegian.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!