Topic-en ere ospatuko dute museoen eguna

Ataria 2021eko maiatzaren 7a

Maiatzaren 18an ospatuko da Museoen Nazioarteko Eguna; maiatzaren 15erako, ordea, egitarau berezia antolatu dute Topic-en: zuzeneko musika eta dantza saioak, argazki lehiaketako sari banaketa eta Aniztasunaren gala izango dira, besteak beste.

Maiatzaren 18an ospatzen da Museoen Nazioarteko Eguna. Berdintasunaren aldeko museoak: aniztasuna eta inklusioa izango da leloa eta komunitateek eta museoetako langileek osatzen duten ikuspegi-aniztasuna izango du ardatz. Berez, asteartean egokitzen bada ere, Topic-en, maiatzaren 15ean, aurreko larunbatean, ospatuko dute.

Bertako langileek, Aniztasunaren Gala antolatu dute, lankide dituzten beste bi museorekin batera: maiatzaren 14an, Irungo Oiasso museoan ospatuko da; 15ean, Topic-en; eta 16an, Hernaniko Chillida Lekun.

Ondorengo programazioa prestatu dute Topic-en, maiatzaren 15erako:

Goiz osoan. Eduardo Mocoroa Udal Musika Eskolako ikasleen emanaldiak, Topic-eko sarreran eta Anbiguan.

10:00-21:00. Museoa bisitatzeko ate irekiak. 6 laguneko taldeak osatuko dituzte, eta ordu erdiz behin egingo dira bisitak. Bisita gidatuetan parte hartzeko, ezinbestekoa da aurrez erreserba egitea, 943 650 414 telefonora deituz edo cit@cittolosa.com helbidera mezu bat bidaliz. 

18:00. Fotopic lehiaketako sari banaketa, Anbiguan. Argazkiak online partekatuko dituzte www.topictolosa.com webgunean, eta egun horretatik aurrera, horiekin guztiekin osatutako argazki erakusketa txiki bat bisitatu ahal izango da, Anbiguan bertan, maiatzaren 31ra bitarte.

19:00. Aniztasunaren gala. Iñaki Salvador eta Jakes Txapartegi piano jotzaileak, Simon Ezkiaga abeslaria, Telmo Irureta aktorea eta Verdini dantza taldea ariko dira. Sarrera: 5 euro.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!