Ke bilakatutako suaren errautsak

Josu Artutxa Dorronsoro 2021ko mai. 6a, 19:59

'Kea' izeneko bigarren diskoa kaleratu du Adi! musika talde tolosarrak, desegin eta egitura berri bati heldu aurretik; «zuzenekoetan forma hartu duten kantuen testigantza zintzoa da».

Kalean da Adi! musika talde tolosarraren estudioko bigarren diskoa: Kea. Azken bi urteetan sortu eta borobildutako kantuak bildu eta Beasaingo Pottoko estudioan grabatu dituzte, Fredi Pelaezen gidaritzapean. «Oso pozik» daude emaitzarekin, eta zaleek «guk adina gozatzea» espero dute. «Zabaldu dadila Kea, zentzurik osasungarrienean», esan dute.

2016an sortu zuten taldea, Jon Urbizu Turbin saxofoi jotzaile eta Antton Telleria bateria jotzaile tolosarrek eta Mariano Hurtado baxu jotzaile donostiarrak. Azken honek, baina, lehen diskoa kaleratu ondoren utzi zuen taldea, eta Joanes Ederra zarauztarrak hartu zuen bere lekua.

Denetik egitea gustuko duten arren, estilo bat aukeratzekotan, jazz rockarekin lotu izan dute euren musika. Euren lana definitzeko, ordea, gogokoago dute Karlos Osinaga Txapek behin esandakoa: «Kea dario zuen musikari». Hain justu, definizio hartan du jatorria diskoaren izenak.

Kantuak, beste maila batera

Musika instrumentala egin izan dute orain arte, letrarik gabea, eta bide horri jarraituz eratu dute zazpi kantuz osatutako lana. «Hiruron artean entsegu lokalean sortu eta zuzeneko emanaldietan forma hartu duten kantuen testigantza zintzo bat gordetzea zen helburua», azaldu du Turbinek.

Lehen bost kantuak saxofoi baritonoarekin grabatu ditu Urbizuk; azken biak, berriz, saxofoi sopranoarekin. Fredi Pelaez musikariak, bestalde, nahasketa eta masterizazio lanak egin ditu; horrez gain, kolaboratzaile modura ere aritu da. «Aitortu beharra daukagu, beste maila batera eraman dituela gure kantuak, soinuaren trataeragatik eta Rhodes pianoarekin diskoko lau kantu janzteagatik. Bere melodiak abesti bakarrean sartzea zen asmoa, baina jotzen hasi zenean, ia disko osoa gurekin graba zezan eskatu genion», nabarmendu dute taldekideek.

Izaera gogorragoa

Erretzen ari den material batean du jatorria keak. Batzuetan, baina, errauts modura geratzen da ke bilakatzen ez den materiala. Paradoxikoki, gutxitan gertatzen bada ere, diskoa aurkeztu berritan heldu da taldearen desegitea. Beraz, behin piztutako suak, kea sortzea lortu badu ere, errautsak utzi ditu bidean. «Joanesek eta Anttonek taldea uztea erabaki dute, esku artean dituzten bestelako proiektu eta asmoak tarteko», azaldu du Turbinek.

Taldekideek esan dutenez, «penatuta, baina orain arte egindakoa ondo gordeta geratuko dela jakiteak ematen duen lasaitasunarekin» daude. Izan ere, bost urteotan, buruan zituzten helburuak bete dituztela aitortu du Urbizuk. «Kontzertuak eskaini ditugu, bi disko kaleratu ditugu, eta beraz, norabide propio bat egitea lortu dugu».

Errautsetatik sua piztea ezinezkoa bada ere, izaera berria izango duen taldea osatu nahi du Urbizuk, beste bi musikarirekin batera. Oraingoz, beraz, Adi! taldea ez da desagertuko. «Orain arteko ibilbideari amaiera eman eta berri bati ekingo diogu. Taldeak ez du betiko estilo bera izango, erabat ezberdina izango da. Hori nahi dugu, eta ilusioz gainezka gaude. Baliteke izaera gogorragoko taldea izatea, musikarion ezaugarriengatik; entseatu ahala jakingo dugu hori».

'KEA' DISKOA

'Atomo'. Funk estilokoa. Hasieran nahiko lasaia, bortitzagoa amaieran.

'Txortan'. Kantu lasaia. «Txortaldi bateko atmosfera edo giroa gogorarazi dezake melodiak».

'Hiru'. Erritmo aldaketa ugarikoa.

'Low'. Lou Reed musikarian oinarrituta, bere akordeen ukituak sartu ditu baxu jotzaileak. «Ingelesez baxua esan nahi du low hitzak, eta hortik dator Joanesen protagonismoa».

'Oasia'. Zuzenean inoiz jo gabea, diskoko nobedadea. «Afrikar erritmoa du, eta entzun dutenek kantu erakargarriena dela esan dute».

'Axuri'. Axuri beltza abesti herrikoiaren moldaketa.

'Errapa'. Egiturari dagokionez, jazz estilokoa. «Nahiko tristea da, akorde menorrekin osatua, baina diskoa osatzeko, oso aproposa».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!