Hiru pertsona atxilotu ditu Ertzaintzak 2.200 marihuana landare atzeman ostean

Tolosaldeko Ataria 2021ko mai. 6a, 13:21

Tolosako pabiloi batean zegoen plantazioa desegin du Ertzaintzak eta 39 eta 41 urteko hiru pertsona atxilotu ditu osasun publikoaren aurkako ustezko delitu bat leporatuta.

Ertzaintzak azaldu duenez, 2020 urtearen amaieran Tolosako Donostia hiribidean, Santa Luzia auzoan dagoen industria-nabe bat hasi zen ikertzen. Pabiloia alokatuta zegoen eta bertan ez zegoen lan-jarduerarik, nahiz eta tarteka hainbat pertsona inguratzen ziren bertara. Nabeak argindar asko kontsumitzen zuela konturatu ziren, eta argindarrarekin iruzur egiten ari zitezkeela pentsatu zuten.  

Barruan legez kanpoko marihuana-plantazio bat egon zitekeela susmatuta, Ertzaintzak zaintza eta kontrol dispositibo bat ezarri zuen industria-nabearen eta instalazioa alokatuta zuen gizonaren inguruan. Ikertzen ari ziren agenteek egiaztatu zuten pabiloian ez zegoela pertsona eta ibilgailu mugimendu handirik, une jakin batzuetan izan ezik, eta susmatu zuten, beraz, barruan irteten ez ziren pertsona bat edo bi zeudela. Marihuana-plantazio handietan ohikoa izaten dela egoera hori dio Ertzaintzak, "uzta lapurtzea eragozteko eta, susmorik ez sortzearren, nabeetako jarduera oso eskasa dela aditzera emateko".

Oriako Ertzain-etxeko agenteek egin duten ikerketan zehar egiaztatu egin zituzten industria-nabearen barruan marihuana-plantazio bat zegoela adierazten zuten zantzu guztiak. Hori dela eta, asteartean, epailearen agindua hartuta eta Ertzaintzako Esku Hartzeko Unitateak lagunduta, pabiloian sartu eta miaketa egin zuten. Goizeko lehenengo orduan, nabe barruan "itxura guztien arabera bertan bizi ziren" 39 urteko bi gizon atxilotu zituzten. Pabiloiko bigarren solairuko gela txiki batean atseden hartzeko oinarrizko elementuak eta sukalde bat zeuden, bai eta Oria ibaiaren ondoan dagoen pabiloiaren atzeko aldera ematen zuen leiho bat ere. Hain zuzen ere, polizia-baliabideak iritsi zirenean, inplikatuetako bat 5 bat metrotik behera zintzilikatu zen ibaiaren ibilgutik ihes egiten saiatzeko, baina atzeko aldea zaintzen ari ziren ertzainek atxilotu zuten.

Pabiloian bertan atxilotu zituzten bi gizonei eta handik pixka batera Gipuzkoako beste herri batean atxilotu zuten hirugarrenari, 41 urtekoari, osasun publikoaren aurkako delitu bat (droga-trafikoa) leporatu diete.

Industria-nabea miatzen Ertzaintzako Txakur Unitateak ere parte hartu zuen, eta 2.200 marihuana-landarez osatutako egitura bat aurkitu zuten, bero-lanparez, haizagailuez, aire girotuaz, ureztapen-sistema automatikoaz, isolatzaileez, filtroez eta erauzgailuez hornituta. Landare gehienak ia helduta zeuden, ia berehala biltzeko eta lehortzeko eremu gisa egokitutako beste gela batera eramateko prest. Sistema guztien funtzionamendurako beharrezko argindarra iruzurrez hartuta zegoela inguruko erregistro elektriko batetik esan du Ertzaintzak, hori ere legez kontrako beste egintza bat izanik.

Ertzaintzak erretiratu egin zituen landareak hazteko erabilitako elementu guztiak eta 2.200 marihuana-landareak. Hiru atxilotuak epailearen esku utzi dituzte Tolosako guardiako epaitegian.  

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!