Hamaiketarako gisa edo kirola egiten dugunean jaki moduan eramateko barratxo energetikoak prestatuko ditugu gaurko proposamenean.
Almendrak zuritu eta zatituko ditugu, eskuak erabilita ez ditugu birrinduko, gogoratu zatiak behar ditugula. Zati hauek guztiak bol batean erreserbatuko ditugu. Almendra zatitxo hauei chia eta sesamo haziak gehituko dizkiegu. Chia eta sesamoa ordea birrindu egingo ditugu, morteroa erabilita edota irabiagailu elektrikoa baliatuta. Bi elementu hauek gure bol horretara gehituko ditugu; jarraian olea, garia eta zekalea ere bertan botako ditugu. Azkenik, pasak sartuko ditugu gainontzeko osagaiekin batera. Honela solidoa den orea bat lortuko dugu.
Jarraian gure nahasketari, pixkanaka-pixkanaka eztia gehitzen joango gara. Askotan ezti naturala nahiko solido itxuran geratuko zaigu eta nahastea kosta egingo zaigu. Hau gertatuz gero, pittin-pittin bat berotuko genuke. Mikrouhin labean segundotxo batzuetan utziz gero, nahikoa litzateke. Honela eztia solidotik likidora pasako litzateke eta orduan gure malutekin errazago nahastuko genuke. Gure nahasketa masa itsaskor bat bihurtuko da orduan, bota diogun eztiaren laguntzari esker.
Ondoren, labeko erretilu bat prestatuko dugu. Bertan laberako berezia den papera jarriko diogu, eta gainean gure masa bota eta koilara baten laguntzaz sakabanatu eta zanpatzen joango gara, trinkotzeko.
Prest dugunean, bloke osoa, labean 30 bat minutuz sartuko dugu, 180 gradutan. Honela lortuko dugu eztia karamelizatzea eta gainera fruitu lehor eta maluta guztiak trinkotzea.
Behin labetik atera eta hozterakoan laukitxoetan moztuko dugu gure masa, barratxo itxura emanez, labana baten laguntzarekin. Labeko paperean bertan bilduta prest utzi ditzakegu edozein momentutan jateko. Aste pare batez ondo iraungo digute.